Langile
bat hil da asteazken honetan Igantzin
(Nafarroa),
harrobian lanean ari zela. 13:00etan izan da ezbeharra, materiala
deskargatzen ari zen kamioi bat irauli ostean. Behargina artatzera
bertaratu diren osasun-langileek ezin izan dute ezer egin.
Nafarroan astebetean erregistratutako hirugarren lan-heriotza izan da gaurkoa. Izatez, 54 urteko langile bati bizia ebatsi zioten Berriobeitin joan den larunbatean, pala kargatzaile batek azpian harrapatuta. Azkoienen, berriz, lanera bidean zihoan behargin bat hil zen errepidean. Zanbranan (Araba) mozketa enpresa batentzat lanean ari zen 38 urteko langile bat ere hil zen herenegun.