Bediako (Bizkaia) Tablev SA enpresa seinalatu dute, bertako lan-ekipamenduen egoeragatik eta langileentzat dakarten arriskuarengatik. Egurrezko oholak ekoizten dituzte lantoki horretan, eta, 2021. urtearen bukaeratik hona, bi lan-istripu larri izan dira bertan: hatza galdu dute bi beharginek, makinek harrapatu ostean.
2023ko abenduan zauritu zen langile bat, egurrezko listoiak kolatzeko eta prentsatzeko makina bat garbitzen ari zela. Makinako arrabolek harrapatu zioten eskuineko eskua, eta atzamar bat galdu zuen.
Bi urte lehenago, 2021eko abenduan, beste langile bati gertatu zitzaion hori. Trabatuta zegoen makina bat konpontzen saiatu zen, eta hatz bat galdu zuen berak ere. Garai hartan, enpresak arau-hauste larri bat egin zuela ebatzi zuen Lan-Ikuskaritzak: makinaren engranajea zintaz itsatsitako kartoizko piezekin baino ez zegoen babestuta.
Iazko istripuaren ostean, Bizkaiko Lan-Ikuskaritzak berriz seinalatu du enpresa: lan-ekipamenduak gaur egungo araudiaren arabera egokitzera behartu du, teorian.