BBVA Fundazioak, duela gutxi Espainiako Estatuko produktibitateari buruz egindako txostenean baieztatu duenez, errendimendu ekonomiko txikia ez dago lotuta lanaren produktibitatearekin, %17 hazi baita 2000tik. Produktibitate baxuak, kontrara, zerikusi handiagoa omen du kapitalaren produktibitatearen jaitsierarekin (-%24) eta kapitalaren eta lanaren errentagarritasun bateratuaren eraginkortasun txikiarekin (-%7).
Txostenaren arabera, "ekonomiaren funtsezko arloetan izandako arauketa eta esku-hartze publiko desegokiak" eragin du eraginkortasun falta. Politika horiei esker, kapital pribatuak etekinak lortzeko aukera izan beharko luke, berritzeko edo arriskuak hartzeko beharrik gabe, fundazioaren esanetan. Baina azken erreforma batzuek, hala nola Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) igoerak eta ordutegi-kontrolak, proiektu produktiboagoetan eta eraginkorragoetan inbertitzera behartzen omen dute kapitala.
Azterketak nabarmentzen du, gainera, Europako Next Generation funtsek mesede egiten diotela ekonomia produktiboago baterako trantsizioari, trantsizio "berdeko" eta digitaleko proiektuak bultzatzen baitituzte. Hala eta guztiz ere, ohartarazten du beharrezkoa dela "arlo horietan inbertsio handiagoa egitea", eta Europar Batasunak urtean 850.000 milioi euro bideratu beharko lituzkeela horiek finantzatzeko. Ildo horretan, finantza-erakundearen txostenak hiru ekintza-ildo proposatzen ditu: estatuko lan-estandarrak Europar Batasunekoekin homologatzen jarraitzea, higiezinen sektorearen errentagarritasuna murriztea eta kapital pribatua zerbitzu publikoen pribatizazioaz baliatu dadin saihestea.
BBVA Fundazioak atzeratutako enpresetan zentratzearen garrantzia ere azpimarratu du, alegia, sektore bakoitzean produktibitate txikiagoa duten korporazioetan. Izan ere, horien efizientzia handitzeak Espainiako Estatuko ekonomiaren produktibitate agregatua %4,9 handitu dezakeela kalkulatzen du. Zenbait sektoretan produktibitatean aurrerapenak izan diren arren, txostenak ondorioztatzen du "lehiakortasuna hobetzera eta funtsezko sektoreetan inbertsioa sustatzera bideratutako estrategia makroekonomikoa funtsezkoa dela azken urteetan ikusitako geldialdi-joera iraultzeko".