AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Bestimage
2025/02/03 15:39

François Bayrou Frantziako lehen ministroak aurreratu duenez, gobernuak berriz erabiliko du 1958ko Konstituzioko 49.3 artikulua, legeak parlamentuaren botorik gabe onartzea ahalbidetzen duen mekanismoa. Oraingoan, 2025eko aurrekontuak onartu ahal izateko baliatuko du tresna hori. Erabakia, antza denez, astelehen honetan bertan gauzatuko da, eta beste zentzura-mozio bat eragin dezake, La France Insoumisek (LFI) aurrez iragarri duen modura. Parti Communiste Françaisek (PCF) eta ekologistek, behintzat, babestuko lukete mozio hori, baina gakoa Parti Socialiste (PS) eta Rassemblement National (RN) alderdien jarreran egongo litzateke.

Bayrouren gobernuak tirabirak ditu PSrekin, bereziki immigrazioari buruzko adierazpen polemiko batzuen ondoren, eta horrek negoziazioak zaildu ditu. PSko kide batzuk zentsurarekin bat egitearen alde dauden bitartean, Lionel Jospin lehen ministro ohiak herrialdea krisi finantzarioan aurrekonturik gabe uzteko arriskuaz ohartarazi du. Bestalde, RNk, Jean-Philippe Tanguy bozeramailearen bitartez, gogor kritikatu ditu estatu-kontuak, eta zentsura mozioa babesteko aukera zabalik utzi du.

Asteazkenerako aurreikusita dagoen bozketarekin, gobernuak bere jarraipena izango du jokoan, zalantzazko egoera batean. Zentsura-mozioak aurrera egiten badu, Frantziako Estatuak hutsune politiko bati egin beharko dio aurre berriz, Michel Barnier lehen ministro ohiak dimisioa eman eta hilabete eta erdira. Badirudi Frantziako Estatua krisi konstituzional sakon batean murgilduta dagoela.

Orain arte, Eliseoak hainbatetan erabili behar izan du 49.3 artikulua, lege ugari ezarri ahal izateko. Élisabeth Bornek, lehen ministro izan zena 2022ko maiatzetik 2024ko abendura arte, 23 aldiz jo behar izan zuen 49.3 artikulura, batez ere aurrekontuak eta erreforma eztabaidagarriak onartzeko, hala nola pentsioen erreforma. Michel Barnier, Borneren oinordekoa eta Bayrouren aurrekoa, 49.3a erabiltzen saiatu zen 2024ko abenduan, Gizarte Segurantzaren finantzaketaren legerako. Hala ere, Asanblea Nazionalak zentsura-mozio bat onartu zuen, eta horrek bere gobernuaren erorketa eta egungo blokeo-egoera eragin zituen.

49.3a maiz erabiltzeak agerian uzten ditu Frantziako politikan indartzen ari diren hainbat joera: Frantziako gobernuek gehiengo parlamentario egonkorrak lortzeko dituzten zailtasunak, V. Errepublikan Exekutiboaren eta Legegilearen artean dagoen tentsioa eta jardun parlamentarioaren izaera gero eta hutsalagoa.

EZ DAGO IRUZKINIK