Rescop sareak bultzatutako kanpaina da Israelekin Armen Salerosketa Amaitu (Fin al Comercio de Armas con Israel), eta salaketa bat jarri du berriki Bartzelonako Guardiako Epaitegian, Maersk ontzi-enpresaren aurka. Izan ere, Rescopek adierazi duenez, okupatutako Palestinara doan material militarraren garraioan parte hartzen du konpainiak.
Ekintza judizialak, apirilaren 15ean bertan epaitegietan erregistratuak, Nexoe Maersk ontzia kautelaz atxiki eta erregistratu dezatela eskatzen du, gaur egun Bartzelonako portuan baitago geldirik. Kargaontziak arma-trafikoko balizko delituetan (Zigor Kodearen 566. artikulua) eta nazioarteko komunitatearen aurkako kontrabandoan eta krimenetan (Zigor Kodearen XXIV. titulua) parte har ez dezan egin dute eskaera.
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Nexoe Maersk eta Maersk Detroit ontziek sionistei armak bidaltzeko gutxienez lau operaziotan parte hartu dute dagoeneko, 2023ko irailean eta urrian zehar. Operazioetan Espainiako Estatuko portuetan egindako ontzi-aldaketak izan ziren antza, eta horrek, salatzaileek gogorarazi duten bezala, eskumena ematen dio Espainiako Estatuko jurisdikzioari gertakariak ikertzeko.
Azken bidalketan, F-35 gerra-hegazkinetarako osagaiak izan omen ziren garraiatutako materialak, eta badirudi azken helmuga izan zutela Nevatim aire-basea, Gazako Zerrendan aireko erasoak egiteko erabiltzen den plataforma nagusietako bat. Maersk ontzi-enpresak berak publikoki onartu du pieza horiek garraiatu izana, baina ukatu egin du azken helmuga Palestina okupatua izatea, nahiz eta salaketak hainbat agiri dituen oinarri, froga modura. Centre Delàsen arabera (salaketan aipatzen da), "Israelera armak bidaltzeko Espainiatik igarotzea araua da, eta ez salbuespena".
2023ko urriaz geroztik, presio sozialak armamentua zeramaten hiru ontzik atraka ez zezatela lortu du, baina Rescopekoek uste dute neurri horiek ez direla nahikoa. Aipatutako kanpainan nabarmendu dutenez, zifra ofizialek diote 2023ko urritik hona 60.000 palestinar baino gehiago erail dituztela sionistek Gazan, eta bidalketa horiek baimentzea "genozidioak jarraitzea ahalbidetzea" dela adierazi dute.