Gaur goizean, mossoen eta udaltzainen (Guàrdia Urbana) hogei bat furgoi bertaratu dira Antiga Massanara, eta hustu egin dute. Gardunya plazan dago eraikina, Bartzelonako (Katalunia) Ciutat Vella barrutian. Zentro soziala ordezkatzen duten abokatuek ziurtatu dutenez, ez dute espazioa hustea baimentzen zuen aldez aurreko jakinarazpen judizialik jaso, urriaren 17an agindu administratiboa bertan behera geratu ostean. Antiga Massanatik, beraz, legez kanpokotzat jo dute desalojoa, eta eraikin aurrean mobilizatzera deitu dute.
Kataluniako Organització Juvenil Socialista (OJS) antolakundeak argiki seinalatu du Jaume Collboniren eta Albert Batlleren PSC alderdia: "Burgesiak eta politikari profesionalek ez dute segundo batez ere zalantzan jartzen langile-klasearen espazioak suntsitzea". Horregatik, "aurrez aurre" izango dituztela ohartarazi diete bi politikariei. Antiga Massana defendatzeko deia egin du OJSk, hura defendatzea "langile-klasea defendatzea delako".
Poliziaren interbentzioa Antiga Massanaren aldeko mobilizazio masiboen testuinguruan gertatu da, eta hilabete luzez eskatu diote udalari desalojo-prozesua eten dezala eta espazioa zentro sozial modura laga dezala. Urriaren 18an, 10.000 pertsonak baino gehiagok egin zuten manifestazio bat Bartzelonako kaleetan, Collboni buru duen udalari eta Batlle barrutiko erregidoreari konponbide bat eskatzeko, eraikina husteko berehalako arriskua zela-eta. Azken hilabeteetan gatazka areagotu egin da, izan diren azken protesta-ekintzak tartean.
Legez kontrako desalojoa eta polizien bortizkeria
Desalojoan zehar, polizia-ibilgailuek Gardunya plaza inguratzen duten hiru kaleak
blokeatu dituzte, eta garbiketa-kamioi bat hasi da jadanik eraikinaren barrualdetik
gauzak ateratzen. Zentroko sare sozialetan salatu dutenez,
polizia-jarduketak urratu egiten du abian den prozesu judiziala, eta
legezkotasunetik kanpo aritzea leporatu diote udalari. Gainera, poliziek hainbat
karga egin dituzte inguruan protestan ari ziren pertsonen aurka, eta 50 lagun inguru zauritu dituzte. Atxilotuak bost dira gutxienez.
Antiga Massanatik, Comunseko Jordi Rabassa bertaratu izana salatu dute. Desalojoaren aurkako protestara batu da politikaria, baina bota egin dute, mezu garbi batekin: "Ez dugu hemen politikari profesionalik nahi, eurak baitira desalojoaren arduradunak".
Zentro sozialeko kideek zabaldutako irudietan ikusten denez, manifestariek presio
handia egin diete polizia-lerroei, espazioa defendatzeko lanean. Adierazi dute "hemen ez dela ezer bukatu", eta "aske egingo gaituen alternatiba iraultzaile baten eraikuntzaren hasiera baino ez" dela. Manifestazio bat antolatu dute 19:30erako, Raval auzoko Ramblan.