AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ursula Von Der Leyen (X)
2025/04/03 10:49

Europako Batzordeak asteartean aurkeztu zuen ProtectEU ("Europar Batasuna Babestu") estrategia, Europar Batasunaren "barne-segurtasuna" indartzeko diseinatua. Hainbat "mehatxuri" aurre egiteko beharra identifikatzen dute txostenean, besteak beste "terrorismoa", "krimen antolatua" eta gero eta handiagoa omen den "ziberkrimena". Magnus Brunner Europako Barne komisarioak aurkeztutako ekimenaren helburua da, hain zuzen ere, "gero eta konplexuagoak eta askotarikoagoak diren mehatxu horiei aurrea hartzeko eta erantzuteko EBren gaitasuna hobetzea".

Estrategiak neurri espezifikoak biltzen ditu estatu kideen eta EBko hainbat agentziaren arteko lankidetza indartzeko, hala nola Europol eta Frontex. Horiei, gainera, eskumen gehiago emango dizkiete mugaz gaindiko ikerketak egiteko eta informazio-trukea areagotzeko. Hala, ProtectEU-ren funtsezko proposamenetako bat da Europoli "aginte operatiboagoa" ematea, "Polizia transnazionalaren agentzia eraginkorragoa" izan dadin. Gainera, beste agentzia batzuen (Eurojust eta Enisa Zibersegurtasunerako Europako Agentzia) baliabideak eta eskumenak handitzea ere aurreikusten da, "ziberkrimenaren aurkako borroka hobetzeko" eta azpiegitura kritikoei eraso egin ahal izateko. Era berean, "erakundeen arteko lankidetza estuago baten garrantzia" azpimarratzen da idatzian, estatu mailan zein EB mailan.

Batzordeak zehaztu duenez, planak EBko kohesio-funtsen erabilera berrikustea ere jasotzen du, funts horiek "estrategikotzat" jotzen diren arloetara bideratzeko: sektore militarrera eta azpiegitura kritikoetara, hain justu. Erreforma "borondatezkoa" den arren, Bruselak "lehentasuna" eman nahi dio mugikortasun militarraren hobekuntzari eta "erresilientziari muturreko egoeren aurrean", hala nola hondamendi naturalen edo segurtasun-larrialdien aurrean. Ursula Von Der Leyenen esanetan, "segurtasuna funtsezko baldintza da ekonomia loratu dadin", eta, estrategia horrekin, Bruselak "esparru integral" bat ezarri nahi du, "barneko eta kanpoko mehatxuen" aurrean bere interesak babesteko.

Zer ulertzen du Europolek terrorismotzat?

Europolek 2024ko abenduan argitaratutako TESAT 2024 txostenean ikusten denez, Europar Batasuneko erakundeek mugimendu sozialak, komunistak eta anarkistak "ezkerreko talde terrorista" gisa behatzen, katalogatzen eta ikertzen dituzte. Urtero argitaratzen du agentziak txosten hori, eta "terroristatzat" jotzen ditu "estatu baten sistema politiko, sozial eta ekonomikoaren aurkako iraultza bortitza eragin nahi duten taldeak, sozialismoa ezartzeko eta, azkenik, gizarte komunista eta klaserik gabea sortzeko". Horren barruan, talde horiek "marxista-leninistak" edo "anarkistak" izan daitezkeela zehazten dute, ideien edo antolatzeko moduaren arabera.

EZ DAGO IRUZKINIK