Jose Barrionuevo, Espainiako Gobernuko Barne ministro ohia, auzitara eraman nahi dute estatu-terrorismoaren Euskal Herriko hainbat biktimak. Bilbon (Bizkaia) egin dute agerraldi bat Grupos Antiterroristas de Liberación (GAL) talde kriminalaren edo polizia-indarren biolentzia jasan duten hainbat pertsonak, Egiari Zor fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak babestuta, jakinarazteko "gizateriaren aurkako delitu" bat egotzita jarriko diotela kereila bat Barrionuevori. Edurne Brouardek eta Bego Galdeanok hartu dute hitza agerraldian; GALek 1984an eta 1985ean eraildako Santi Brouarden eta Xabier Galdeanoren alabek.
GALen hemezortzi biktima batu dira ministro ohia auzitara eramateko. Oinarritzat hartu dituzte, 80ko hamarkadan, Espainiako Gobernuak ETAren aurka antolatutako ZEN planaren barruan izandako krimenak. Hain zuzen ere, Barrionuevo izan zen plan horren arduradun nagusietako bat, 2022an komunikabide bati aitortu zionez. Prentsaurrekoan abokatuek azaldu dute "froga sendoak" dituztela, eta presidente izandako Felipe Gonzalezek edo Baltasar Garzon epaile ohiak deklaratu dezatela eskatuko dutela.
Espainiako Auzitegi Nazionalak kereila errefusatzen badu, nazioarteko auzitegietara jotzeko asmoa dute. Agerraldian nabarmendu dutenez, asmo osoa dute kereilaren bidez estatu-terrorismoari buruzko ikerketa bultzatzeko, "gertakariak eta erantzukizunak" argitzeko. Erantzule horietako bat izango litzateke Barrionuevo bera, eta presioa egin nahi diote hitz egin dezan: "Barrionuevok, beste batzuek bezala, kontatu duena baino gehiago daki. Espero dugu hau aukera bat izatea auzitegi batek inork bere gain hartu ez dituen erantzukizunak ezarri eta adierazi ahal izateko".
Brouardez eta Galdeanoz gain, ondoko biktimek parte hartu dute ekimenean: Lourdes eta Arantza Oñederra (GALek 1983an eraildako Ramon Oñederraren arrebak); Izaskun Ugarte Begoña (GALek 1984an hildako Mikel Goikoetxearen alarguna); Josu Amantes (GALek 1985ean zauritu zuen larriki); Axun eta Joseba Lasa (GALek 1983an torturatu eta eraildako Joxean Lasaren arreba eta iloba); Peli Aldatz eta Gorka eta Amaia Egileor (Fernando Egileorren alarguna eta seme-alabak; GAL 1985ean saiatu zen bera hiltzen eta torturak jasan zituen 1986an, Espainiaratu zutenean); Izaskun Rekalde (Frantziako Estatuan bizitzera behartu zuten 1987an); Peio Aizpurua, David Isart, Francisco Javier Izura eta Carlos Delas (Poliziak 1984an Pasaiako sarraskian eraildako Dionisio Aizpuruaren, Pedro Maria Isarten, Javier Izuraren eta Carlos Delasen anaiak); Bixen Mujika (1985ean Cabo Verdera deportatutako Eugenio Aranbururen alarguna), eta Maider Garcia (GALek 1987an eraildako Juan Carlos Garciaren alaba).