Ekologistak Martxan kolektiboak salatu duenez, Barakaldoko (Bizkaia) Udalak ehunka etxebizitza eraiki nahi ditu uholde-arriskuko eremu batean. Hain zuzen ere, Burtzeña auzorako prestatu du hirigintza-plana, El Calero modura ezagutzen den zonaldean. Hura "eraberritzeko" plan bat dauka martxan udalak, eta, horren barruan, 550 etxe egin nahi ditu Kadagua ibai alboan.
EAJ eta PSE-EE buru dituen udalak 18 milioi euro inbertitu nahi ditu etxebizitza horiek eraikitzeko, pabiloi abandonatuak nagusi diren eremu degradatu batean. Horretarako, 2022an egin zituen beharrezko aldaketak hirigintza-araudian. Ekologistak Martxanek, baina berriz aurkeztu ditu proiektuaren aurkako helegiteak, EAEko Auzitegi Nagusian.
Seinalatu du, eguraldiaren arabera, handia dela urak Burtzeñako lur horiek hartzeko arriskua. Hainbat txosten ofizialek baieztatu dute hori. Gainera, talde ekologistak ohartarazi du litekeena dela lurrak kutsatuta egotea. "Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen Inbentarioan" sartuta daude, eta, beraz, "kutsadura kentzeko" lanak egin beharko lirateke horietan.
Foku nagusia, baina, uholde-arriskuan jarri du kolektiboak, batez ere DANAk utzitako ondorioak ikusi ostean: "DANAk berriki Valentzian eragindako hondamenak eta horren ondorio tragikoek agerian uzten dituzte hiri-plangintzako eredu jakin batzuk, eta administrazioetako arduradunak horiek eragin dituzten arrazoiei eta horiek saihesteko ezarri beharreko neurriei buruz hausnartzera behartzen dituzte". Irizi dio, gainera, uholde-arriskua biziagotu egingo dela denborak aurrera egin ahala, klima-aldaketa dela eta.
Ekologistek oroitarazi dutenez, honakoa ez litzateke izango bertako agintaritzek araudiak nahieran egokitzen dituzten aurreneko aldia, proiektu erraldoi bat aurrera eraman ahal izateko. Zuloko-Ibarretan bertan, esaterako, arauen "interpretazioa bihurritu" zuten Megapark egiteko, eta beranduegi zenean ebatzi zuen auzitegi batek kostaldeei buruzko legeria urratu zutela.