Ikasleen mobilizazioek ez dute etenik Baionan (Lapurdi). Hainbat egun daramatzate, haien ikas-baldintzen defentsan, herrian barrena manifestaldiak egiten. Bada, gaur goizean ere karriketara atera da ikasleria: 10:30ean ekin diote protesta bati Xaho Plazatik. Horren aurretik zenbait zutabe izan dira lizeoetatik, hala nola, Etxeparetik.
Atzo, Frantziako Estatuko ia 600 ikastetxetara hedatu ziren ikasleen protestak, eta ehunka eskoletan erabaki dute klaseak etetea. Irakasleen aldetik sostengu-ekintzak ere izaten ari dira, dena den: Baionan bertan, esaterako, mobilizazio bat egingo dute arratsaldean irakasle-sindikatuek, 17:30ean Herriko Etxearen aitzinean.
Ikastetxeetako instalazioak hobetzea, irakasle gehiago izatea eta, orokorrean, ikas-baldintzak hobetzea exijitzen dute ikasleek. Irailaren erdialdean hasi ziren mobilizazioak Frantziako Estatuko hainbat lekutan, eta ordutik, 5.000 lagun inguru atxilotu ditu gobernuak, gehienak adingabeak. Atzokoa, gainera, bortizkeria polizialak markatutako egun bat izan zen: Lensen, poliziak jaurtitako granadaren ondorioz, esku bat galdu du ikasle batek.