AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/20 09:23

Baionan (Lapurdi) mobilizazio deialdi bat egin zuen atzorako Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko, eta "Israelen ofentsiba militarra eta Mendebaldeko herrialdeen konplizitatea" salatzeko. Mobilizaziora deitzean, gainera, "eskubide politikoen aldeko borrokari" azpimarra egin zioten Kontseilu Sozialistako kideek, Frantziako Estatuan debekatu eta erreprimitu diren Palestinaren aldeko protesten harira.

"Frantziako Estatu Kontseiluak Lehen ministroak emandako manifestazioen debeku sistematikoa legez kanpokoa zela ohartarazi arren, jadanik hainbat izan dira erreprimituak izan diren mobilizazioak. Horrez gain, prefetek oraindik erabaki dezakete manifestazioak debekatzea", adierazi zuten atzo goizean bertan. Seinalatu zuten, beraz, indarrean jarraitzen zuela "eskubide politikoen urraketak", baita "Israelgo Estatua palestinar herriaren kontra gauzatzen ari den sarraskiak ere". Horri guztiari lotuta egin zuten mobilizazio deialdi bat atzo arratsalderako.

Hitzorduan zehazten zen modura, jendea 19:00etarako bertaratu zen Baionako Herriko Etxe aurrera, baina polizia-indarren presentzia nabarmenarekin egin zuten topo. Poliziak, hain justu, galarazi egin zuen Herriko Etxe parean protesta egitea: pankarta kendu zieten hainbat laguni, identifikazioak izan ziren, eta plazatik kanporatu zuten jende guztia. Baionako suprefeturak protesta debekatu zuela esan zuten polizia-agenteek.

Hala ere, debekuari aurre egin eta Baionako karriketan zehar mobilizatu zen jendea. "Palestina askatu", "Israel Estatu kriminala" eta "Elkartasuna ez da delitua" oihuak entzun ziren, besteak beste, eta Pannecau karrika bukaeraraino izan zen manifestazioa. Bukaeran, Palestinako herriari babes osoa eman eta Mendebaldeko erantzuleak seinalatzeaz gain, "langileen eskubide politikoen defentsa" berretsi zuten Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek, esaterako, atzoko protestari jarritako debekuari erreferentzia eginda.

EZ DAGO IRUZKINIK