Joan den martxoaren 6an, sei gazte militante atxilotu zituzten Baionan (Lapurdi) eta Urruñan (Lapurdi), euren etxeetan. Baionako komisariara eraman zituzten, eta haietako bat arratsaldean askatu bazuten ere, gaua atxilo egin behar izan zuten gainerako bostek. Euren jardun politikoari lotuta jo zuten euren kontra; esaterako, Baionan erretreten erreformaren kontra izandako mobilizazioen harira, nahiz uztailaren 14an Frantziako Estatuko Jaiegun Nazionalari kontrajarrita Baionan egindako manifestazio baten harira.
Ekainean epaitu behar zituzten berez, baina defentsaren eskaera onartuta, urrira atzeratu zuten saioa. Hala, gaur izango da epaiketa, Baionan bertan. Auzipetuen absoluzioa exijitzeko, haiei babesa emateko eta militantzia politikoa aldarrikatzeko, elkarretaratze bat egingo dute epaitegi aurrean, 13:30ean.
Itxura denez, Frantziako informazio-zerbitzuek egindako ikerketa-lanak ditu oinarri bost auzipetuen kontrako prozedurak. Informazio-zerbitzuetako agenteek gutxienez bi urtez jarraitu dituzte gazte horiek, epaiketan mahaira ateratako materialak erakusten duenez.
Martxoan, atxiloketak izan zirenean, Jerome Bourrier prokuradoreak esan zuen hainbat delitu leporatzen zizkietela gazteei; hala nola, "aurpegia estalirik taldean eginiko degradazioak", "agintaritza publikoen kontrako bortizkeria taldean", edota "aztarnak ematea errefusatzea", esaterako "aztarna digitalak eta DNA".