Baionako (Lapurdi) fiskaltzak ikerketa bat abiatu du hiriko futbol taldeko entrenatzaile ohi baten aurka, adin txikiko zenbait jokalariri egindako sexu-erasoengatik. Atxilotua eta behin-behinean kartzeleratua izan da erasotzailea, ikerketak aurrera jarraitu bitartean behintzat.
Zehazkiago, 15 urteko gazteei eraso egitea eta haien irudi pornografikoak edukitzea egotzi diote. Akusazioei uko egin die gizonak, baina instrukzio epaileak dio nahikoa froga daudela bere aurka.
Aurretik, 2009an, adingabe bati mezu bidez eduki sexualak bidaltzeagatik kondenatu zuten. Dena den, 2019an hasi ziren entrenatzailearen aurkako lehen akusazioak argitara ateratzen. Urte horretan, fiskaltzak gutun anonimo bat jaso zuen; entrenatzaile ohiak jokalari gazteekin zituen keinu "desegokiak" salatzen ziren bertan. Geroztik, hiru jokalari ohik jarri dituzte bere aurkako salaketak, 15 urte zituztenean jasandako sexu-abusuengatik; 1998tik 1999ra bitartean, hain zuzen. Denbora tarte horretan nesketako bat bortxatu zuela ere salatu dute.
Eraso horiek gaitzetsi ditu Ipar Euskal Herriko Itaiak, eta indarkeria matxista gauzatzen duten figuren kontrako borroka lehen lerrora eramateko beharra azpimarratu du.