AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Patxi Beltzaiz/Berria-ren bidez
2025/07/08 09:29

Bihar hasiko dira Baionako (Lapurdi) bestak, eta, horren atarian, agerraldi bat egin zuten hainbat herritarrek aurreko larunbatean, jaien "faxistizazioa" salatzeko. Faxismoa borrokatu aldarritzat hartuta izan zen prentsaurrekoa, Herriko Etxearen aurrean, eta bertan ohartarazi zuten bestetan jarrera faxistek izandako gorakadaz.

Aurreko urteari erreferentzia eginez, agerraldian bildutakoek gogorarazi zuten "giro bortitza" izan zela: "Faxistak inpunitate osoarekin ibili ziren karriketan eskuin muturreko ideia erreakzionarioak zabaltzen". Frantziako Asanblearen hauteskundeetan izandako emaitzek hauspotuta, "talde faxistak lasaiki promenatu ziren Baionan zehar, agur nazia eginez, Hitlerren irudiak jantziz, eta Jordan Bardellaren aldeko oihuak kantatuz".

Hori gutxi balitz, kaleetan indarkeria matxistaren aurka jarrita zegoen propagandari eraso zioten faxistek, eta aldarri faxistekin zikindu eta estali zituzten.

Horiek horrela, argi seinalatu zuten larunbatean: "Azken urtean, adierazpen faxistak gero eta leku gehiago hartzen ari dira Euskal Herrian, eta Baiona horren lekuko da. Ideia erreakzionarioek gero eta indar handiagoa dute".

Neurri autoritarioak segurtasunaren izenean

Azaldu zuten, bestalde, jaien bueltan eta segurtasuna bermatzea aitzakiatzat hartuta, diskurtso sekuritarioa indartzen eta neurri autoritarioak areagotzen ari dela Baionako Herriko Etxea. Horren aurka agertu ziren agerraldian: "Poliziak ez gaitu zapalduok babesten, alde batetik faxismoaren konplizitatez eta inpunitatez jokatzen dutelako, eta, bestetik, autoritarismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakadak ematen dion arbitrariotasuna gu zapaltzeko erabiltzen dutelako". Are: oroitarazi zutenez, iaz ikur faxistak zeramatzaten polizia-agente batzuek.

"Segurtasuna ez dugu ulertzen Poliziaren emendatzearekin lotua, ezta haiekin elkarlanean aritzearekin ere", gaineratu zuten, herriko etxeak eta 2032 kolektiboak proposatzen dituzten neurriak kritikatuz. Hala, faxismoaren kontra, instituzioetatik kanpo antolatzera deitu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK