AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/04/30 00:57

Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak egingo dituzte asteburuan, martxoaren 22an, 23an eta 24an, Hernaniko Kontrakantxa gaztetxean.  Antolatzaileen arabera, topaketen helburua gaztetxeen arteko koordinazioaren eraginkortasuna potentziatzea da, gaztetxeei eta gazte asanbladei lanerako tresnak eskainiz. Jardunaldien atarian, Gipuzkoako hainbat txokotako gazteek agerraldia egin zuten atzo, topaketen inguruko xehetasunak azaltzeko eta Kontrakantxa gaztetxea auzolanean txukuntzeko.

Gipuzkoako gaztetxeek iaz jarri zuten elkarrekin saretzen hasteko “lehen harria”. Hiru eguneko topaketak egin zituzten Beasaingo gaztetxean, gaztetxeetako gaitasun propioez elkarrekin hausnartzeko.  Topaketa haiek elkarlanerako mugarri izan ziren, eta utzitako irakaspenetatik tiraka antolatu dituzte aurtengoak. Antolatzaileen hitzetan, iaz “mahai gainean” geratu zen koordinatzen eta gaztetxeen izaera eta antolakuntza ereduaren inguruan hausnartzen jarraitzeko grina.

Behar eta grin horri erantzunez, dinamikari urte osoan zehar emandako jarraipenak eta gaztetxe arteko koordinazioak topaketok berriz antolatzeko gaitasuna eman dietela nabarmendu dute antolatzaileek. Hori ez ezik, hausnarketak elkarbanatzeko eta erronken inguruan eztabaidatzeko aukera izan dutela esan dute. Era berean, aurten iazko antolakuntza markoa “zabaltzea” lortu dutela azpimarratu dute: “ Gaztetxe eta gazte asanblada ugarik hartu dugu parte prozesuan. Hori elkarrekin saretzeko dugun behar nabariaren ondorio argia dela esan dezakegu, eta behar horri erantzuten ari gara gaur gaurkoz”.

Asteburuan Hernanin egingo dituzten topaketak gaztetxeen arteko eztabaidetan eta erronketan “sakontzeko tresna” izango direla uste dute: “Gero eta ohikoagoak dira gaztetxe eta gazte asanbladen arteko elkartasun eta elkarlan adierazpenak. Antolatzaileentzat, esperientzia horiek mahai gainean jartzeaz gain, saiakera horiek indartzeko beharra nabaria da, eskualdeetako gaztetxeen arteko elkarlanaren izaeraz hausnartzeko beharra bezalaxe. “Esperientzia lokalek koordinazioaren eraginkortasuna erakutsi digute egunerokoan, eta hori potentziatu behar dugu”. Gaztetxeei eta gazte asanbladei lanerako tresnak ematea da topaketen xedea, ondoren, egunerokotasunean “baliagarriak izango diren gaitasunak” eskura ditzaten. Kontrabotererako tresna horiek eskura jarri ez ezik, elkartasuna gorpuzteko beharra mahaigaineratuko dute topaketetan, baita gune autogestionatuen autodefentsarako aldarria kaleratu ere.

Jardunaldietan parte hartzen duten lagunek dagoeneko martxan dauden zenbait borroka-esperientzia ezagutuko dituzte, autogestioaz hausnartuko dute, okupazioaren alde teorikoaz nahiz praktikoaz solastuko dira, etorkinen auzia aztertuko dute, faxismoaren forma berriak izango dituzte hizpide eta militantzia barruko harremanez hitz egingo dute, besteak beste. Antolatzaileen arabera, honako hauek dira topaketen “osagai nagusiak”: mahai-inguruak, gaztetxe arteko bertso saio irekia, hitzaldiak, manifestazioa, kontzertuak, auzolana, elkartasuna eta borroka. “Herriz herri garatzen ari diren proiektuak ezagutuko ditugu, eta horien potentzialtasunaz hausnartuko dugu, espazio formal zein informaletan.  Herriz herri eta auzoz auzo erritmo ezberdinak eta hamaika errealitate ditugula jakinda ere, topaketa hauek elkar elikatzeko aukera ederra direlakoan gaude”, adierazi dute Gaztetxe Topaketen antolatzaileek.

Topaketek iraungo duten egunetan parte-hartzaileentzat otorduak eskainiko dituzte Kontrakantxa gaztetxean, eta lotarako lekua egokituko dute. Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladetako kide guztiak gonbidatu dituzte topaketetan parte hartzera, “anitzak” diren errealitateak elkarbanatzeko, proposamen berriak jasotzeko, eztabaidatzeko eta elkar ezagutzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK