AKTUALITATEA / Errepresioa

Babacar Welleren omenezko elkarretaratze bat izango da Donostian, igandean bertan

Donostiako Asanblada Antiarrazistak deituta, hondarribitarraren erailketa salatzeko eta justizia galdegiteko mobilizazioa antolatu dute. Hitzordua eguerdiko 12:00etarako finkatu dute, Bulebarrean.
2026eko urriaren 22 - 05:06
Babacar Welleren omenezko elkarretaratze bat izango da Donostian, igandean bertan

Datorren igandean, urriaren 25ean, Donostiako (Gipuzkoa) Asanblada Antiarrazistak elkarretaratze bat egingo du, Babacar Welleren hilketa salatu eta justizia aldarrikatzeko. Izan ere, hondarribitarra udaltzaingo batek tiroz hil zuen joan den irailaren 28an, Hondarribian (Gipuzkoa) bertan. Hori dela eta, igandean 12:00etan elkarretaratzera egin dute dei, Bulebarrean.


Irailaren bukaeran eta urriaren hasieran, Hondarribiko komunitate senegaldarrak bi mobilizazio antolatu zituen Welleren omenez; bai harentzat justizia galdegiteko, bai indarkeria poliziala salatzeko, baita kasuaren izaera arrazista seinalatzeko ere. Hein horretan, hiriburuko asanblada antiarrazistak zera adierazi du: "Etengabe, egunez egun ezartzen da nor babestu behar den eta zein den sakrifikatu daitekeen gainerakoa".


Horrez gain, Donostiako Asanblada Antiarrazista zatiketez aritu da; alegia, babesteko eskubidea dutenen eta ez dutenen artekoaz. Izan ere, asanbladako kideen arabera, "izugarria" da bi alderdion artean dagoen distantzia. Hori dela eta, Babacar Welleren erailketa bortxazko egoera baten ondorio dela adierazi dute asanbladako kideek, eta igandean kalera irtetera dei egin.