Donostiako (Gipuzkoa) Gros auzoko zortzi bizilagun etxegabetu nahi ditu Azora putre funtsak, Kaleratzeak Stop plataformak eta Azorako maizterrek jakinarazi dutenez. Azorak fax bidez esan die amaitutzat emango dituela haien alokairu-kontratuak urte amaieran, eta ez die horiek berritzeko aukerarik eman. Azaroaren 30etik abenduaren 31ra bitartean, beraz, hiru etxeak utzi beharko dituztela ohartarazi die; zenbaiti hilabete honen bukaerarako jarri die gehienezko epea putre funtsak, eta beste hainbati, berriz, urte amaierarako. Haietako askok 20 urte baino gehiago daramatzate etxe horietan bizitzen.
Kaleratzeak Stopek eta Azorako maizterrek salatu dute, dena den, gehiago izan daitezkeela egoera berdinean daudenak. Azorak hogei etxebizitza baino gehiago hustu ditu jada Donostian, "turismorako erabiltzen dituen sei etxeez gain". "Etxe horiek hustu nahi dituzte, gero horiekin espekulatzeko", seinalatu dute Kaleratzeak Stopeko kideek.
2021ean Donostiako udalbatzaren osoko bilkura batean onartutako ebazpen bat dela-eta, alkatetza derrigortuta dago halako kasuetan bitartekaritza lanak egitera, bizilagunek hala eskatuz gero. Azoraren faxak jaso zituztenean, beraz, alkatetzarekin bildu ziren maizterrak, eta Azorari eskaera bat helarazteko esan zioten: etxegabetuak izateko arriskuan dauden maizterren kontratuak beste zazpi urtez luzatzea, "arrazoizko prezioan".
Putre funtsak, baina, Groseko hiru etxebizitza horiek hustu eta eraberritu nahi dituela berretsi dio alkatetzari. Horrek urratu egiten du Azorak alkateari 2020ko urtarrilean hitzemandakoa, Kaleratzeak Stop plataformaren eta Azorako maizterren esanetan.