Azken egunetan, baikorrak ziruditen hamaika komunikabidek argitaratutako lerroburuek: Espainiako Estatuan, gora egin omen dute batez besteko soldatek. 2023ko datuei erreparatuz gero, erkidego guztietan izan du igoera bat batez besteko ordainsariak, 11. urtez jarraian. Estatu mailan, azken urtean, %5,4 hazi dira soldatak, eta maximo historiko berri bat markatu dute: hilean 1.920 euroko batez besteko soldatak.
Hego Euskal Herrian ere hartu dute kutsu baikor hori argitara emandako datuek. Nafarroan %6,2 egin dute gora batez besteko soldatek, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %4,6.
Bigarren plano batera eraman dute, ordea, alderdi erabakigarri bat: soldatek batez beste gora egin arren, behera egin du erosahalmenak 2023an. Bigarren urtez jarraian, jaitsi egin da bizi-kostuak ordaintzeko eta erosteko gaitasuna: 2022tik 2023ra, %2,6ko jaitsiera izan da batez beste (urtean 610 euro gutxiago). Eta, hiruhilekoak kontuan izanda, seigarrenez jarraian egin du behera erosahalmenak.
Azken serie historikoan, Espainiako Estatuan erosahalmenik handiena erregistratu zen urtea izan zen 2009a. Urte horrekin alderatuta, 2023an, %8,8 baxuagoa izan da erosteko ahalmena. 2000. urtean erregistratutakoa baino baxuagoa da, beraz, azken datuek erakutsitako erosahalmena.
EAE da, erosahalmenari dagokionez, beherakadarik handienetakoa izan duen erkidegoa: %4,6koa (soldaten batez besteko igoera bezainbestekoa). Asturias eta Galizia besterik ez daude bere gainetik, hurrenez hurren, %5eko eta %4,8ko jaitsierekin.