Atzorako, otsailaren 12rako, zegoen ezarrita Raimundo El Canastero musika-taldearen aurkako epaiketa. Abesti baten letrarengatik eraman dituzte epaile baten aurrera musikariak: Lizarrako (Nafarroa) txosnei jarritako debekua zela-eta, udalaren jarrera autoritarioa salatzeko kanta bat sortu zuten, eta horregatik egotzi dizkiete "mehatxuak, osotasun moralaren aurkako kalteak eta irainak". Delitu horiek leporatuta epaitu behar zituzten atzo, baina azken unean jakinarazi zieten atzeratu egingo dela data.
Arrazoia, ordea, larria da. Lizarrako alkate Marta Ruiz de Aldak (UPN) helegite bat aurkeztu du Nafarroako Probintzia Auzitegian, eta eskatu du beste delitu bat ere leporatu diezaietela Raimundo El Canasteroko kideei: "gorrotoa sustatzea". Hori hala izango balitz, orain arte egotzitako delitu "arinengatik" izan ordez, delitu penal batengatik epaituko lituzkete musikariak, eta Iruñean (Nafarroa) izango litzateke. Zigorrak altuagoak izan daitezke kasu horretan, lau urterainoko espetxe-zigor bat eta zigor ekonomiko altuak jasotzeko arriskuan egongo bailirateke. Momentuz, bertan behera geratu da epaiketa, eta beste data baten zain geratu dira nafarrak.
Elkarretaratzea, taldearekin elkartasunez
Atzo goizean, epaiketa jarrita zegoen ordurako, elkarretaratze bat izan zen epaitegi aurrean, Raimundo El Canasterokoei elkartasuna adierazteko. #BeefEzDaHaragia. Adierazpen askatasuna lelopean mobilizatu ziren hainbat pertsona, handia izan baita Lizarrako musika-taldeak azken asteetan izandako babesa. Horren erakusle da Euskal Herriko 250 bat musikarik Raimundo El Canasteroren eta "instituzioak kritikatzeko eskubidearen" alde argitaratutako manifestua, edo aurreko larunbatean Lizarran bertan izan zen egitarau zabala, adierazpen askatasunaren defentsan.
Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak seinalatu duenez, "instituzio kapitalisten arteko elkarlana" da halako epaiketak "posible egiten dituena". Atzoko epaitegi aurrean izan zen "dispositibo polizial indartsua" salatu du, baita auzipetutako pertsonei elkartasuna adierazi ere. "Eskubide politikoen alde antolatzeko beharra berresten dugu", gaineratu du.