Etxebizitzak erosten dituzten errenta baxueneko biztanleen etxeen batez besteko tamaina nabarmen murriztu da Espainiako Estatuan azken hamarkadan. Katastroaren Zuzendaritza Nagusiaren estatistikek erakusten dute nola eraikuntza-enpresek erabaki duten logelen, patioen eta egongelen espazioa murriztea, etxebizitzaren prezioak etengabe gora egin badu ere. Horrek, eraikuntza enpresen irabaziak handitzeaz gain, eragin du etxea erosten duten errenta txikieneko erosleek 2013an baino 30 metro karratu gutxiagoko etxeak jasotzea, eta gainera, garestiago ordaintzen ari dira. Valentzian, Madrilen edo Bartzelonan, esaterako, etxeen prezioa %50 baino gehiago igo da aldi horretan.
[...] Etxea erosten duten errenta txikieneko erosleek 2013an baino 30 metro karratu gutxiagoko etxeak jasotzen dituzte, eta gainera, garestiago ordaintzen ari dira
Bestalde, hiriburuetako eremu aberatsetan, etxebizitza berriak, lehengoen tamaina bera mantendu ez eta, kasu askotan, handiagoak dira. Horrela, etxebizitza-parkearen batez besteko tamaina handitu egin da orokorrean, erosle txikien etxeen kaskartzea estalita.
Etxeen gainpopulazioa
Aurrekoa, baina, ez da etxeen espazioari dagokion arazorik larriena, inondik inora ere. 2010 eta 2020 artean, Espainiako Estatuan gainpopulatutako etxebizitzetan bizi zirenen proportzioa %52 hazi zen. Hazkunde hori Herbehereetan bakarrik gainditu dute, egoera horretan dagoen biztanleria bikoiztu baino gehiago egin baita tarte berean.
Eurostatek honela definitzen ditu gainpopulatutako etxebizitzak: tamaina jakin bateko etxebizitzetarako aurreikusitakoak baino bizilagun gehiago dituztenak. Adibidez, ezkongabeko helduak elkarrekin bizi direnean, baina pertsona baino logela gutxiago dagoenean, edota haurrak badaude, logela bakoitzeko bi adingabe baino gehiago daudenean. 2020ko abenduan, Espainiako Estatuko biztanleen %7,6 bizi ziren halako egoeretan. Datu horrek gora egin du aurreko hamarkadan; bereziki, 2018 eta 2020 artean.
[...] Pilatutako etxe batean bizi eta bazterkeria-egoeran dauden adingabeen ehunekoa bikoiztu egin da 2010-2020 aldian. 65 urte arteko helduetan, ehuneko hori %70 baino gehiago hazi da
Etxebizitzetako gainpopulazioaren hazkundea hertsiki lotuta dago pobrezia-arriskuari, hain justu, pilatutako etxe batean bizi eta bazterkeria-egoeran dauden adingabeen ehunekoa bikoiztu egin baita 2010-2020 aldian. 65 urte arteko helduetan, ehuneko hori %70 baino gehiago hazi da.
Egoera Europan
Espainiako Estatuak, Europar Batasuneko batez bestekoa (%17,5) baino gainpopulazio-zifra txikiagoak ditu etxebizitzetan, oraingoz. Errumania da gainpopulatutako etxebizitzetan biztanleriaren ehunekorik handiena duen herrialdea, %45ekin. Jarraian, Letonia (%42) eta Bulgaria (%39) daude.
Errumania da gainpopulatutako etxebizitzetan biztanleriaren ehunekorik handiena duen herrialdea, %45ekin
Europa mendebaldean, egoera zeharo ezberdina da estatuaren arabera. Italian, adibidez, %26 bizi dira gainpopulatutako etxebizitzetan, Frantziako Estatuan %10 eta Portugalen %9. Herrialde horietako zifrak Espainiako Estatukoak baino handiagoak badira ere, aldea ez da Europa ekialdeko herrialdeekin bezain nabarmena.
Datu horiek adierazten dute etxebizitzetako pilaketarako eta tamaina murrizteko joera ez dela Espainiako Estatuko fenomeno esklusibo bat, eta Europa ekialdeko egoera mendebalderantz ere mugitzen ari dela, bereziki pandemia aurreko urteetatik hona.