AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Reuters
2023/04/01 10:15

NATO osatzen duten 30 herrialdeen gastu militar osoa 1.174.511 milioi dolarrekoa izan zen 2022an. %11,9 igo da hamarkada batean, izan ere, 2012. urtean, 1.034.834 milioi dolarreko aurrekontu orokorra zuen. 2014an Galeseko bilkura egin zenetik, NATOren parte diren herrialdeek defentsara diru gehiago bideratzeko konpromisoan tinko jarraitu dute; are gehiago azken bi urteetan, %2,11ko igoera orokorrarekin Aliantza Atlantikoko lekuan lekuko aurrekontu militarretan. Funts horiek guztiek hainbat elementu militar finantzatzeko erabiltzen dituzte: hiru milioi soldadu baino gehiago, arma zein ekipo militar berrien ekoizpen, erosketa nahiz bestelako trebakuntza, formazio edo operazio militarrak, eta abar.

Aliantza militarraren gastu osoaren %68,9 AEBen aurrekontuetatik dator

Ameriketako Estatu Batuek (AEBak) dute, alde handiarekin, gasturik handiena NATOren barruan: aliantza militarraren gastu osoaren %68,9 AEBen aurrekontuetatik dator. Ehunekoetan, AEBek beren BPGaren %3,47 bideratzen dute defentsara (809.204.000 dolar); biztanle bakoitzeko 2.167 dolar, gutxi gorabehera. 1.346.400 pertsonaz osatutako armada erregularrarekin, NATOren gihar militar nagusia da. Aurrekontuaren banaketari dagokionez, %39,02 zuzeneko soldatetara bideratzen dute. Arma-ekipo eta arma-sistema berrietan egindako inbertsioetara zuzendu dute %26,92, eta "bestelako gastuetara" aurrekontuen %36,69.

Frantziako eta Espainiako estatuak

Madrilek 2022an BPGaren %1,01 bideratu zuen "defentsa" delako arlora, aliantza militarreko herrialdeen artean 27. postuan kokatuz. Inork pentsa dezake zifra baxua dela, baina begirada urte batzuk atzera botata, ikus daiteke Espainiako Estatuak %20,19 handitu duela bere aurrekontu militarra 2014tik hona.

Espainiako Estatuak %20,19 handitu du bere aurrekontu militarra 2014tik hona

Hori gutxi balitz, ez da ahaztu behar Espainiako Estatuak, 120.000 pertsonako armada erregularrarekin, NATOko zortzigarren armadarik jendetsuena duela. Eta ez da gutxiagorako, Madrilek bere aurrekontu militarren %63,87 zuzeneko soldatetara zuzentzen baitu. Arma-ekipo eta arma-sistema berrietan egiten diren inbertsioetara %17,55 inguru bideratzen du eta, azkenik, eta "beste gastu batzuen" kategoriapean dauden esleipen edo operazioetarako, %17,75ko aurrekontua du.

Frantziako Estatua hirugarren postuan kokatzen da armadaren tamainaren araberako sailkapen horretan: 207.100 pertsonak daramate uniforme militarra. Gainera, Eliseoetako Gobernuak BPGaren %1,9 inbertitu du defentsan. Kopuru hori %4,2 igo da, 2014. urtearen aldean. Parisek gastu militarrean egiten duen inbertsioan oreka handiagoa dago, Espainiako Estatuarekin alderatuz gero. Aurrekontu militarraren %46,47 bideratzen du zuzeneko soldatetara; arma-ekipo eta arma-sistema berrietan egindako inbertsioetara, berriz, %25,09, eta bestelako operazioetara, %25,53.

Frantziako Estatua hirugarren postuan kokatzen da armadaren tamainaren araberako sailkapenean

Igoera gehiago

Galeseko bilkuran, 2024rako, beren BPGaren %2 defentsan inbertitzeko konpromisoa hartu zuten NATOren parte diren 30 herrialdeek. Halabaina, oraingoz 30 herrialdeetatik zortzik lortu dute langa hori gainditzea. Paradoxikoki, ehunekoetan begia jartzen badugu, Eurogune guztian zor handiena (BPGaren %178) duen Grezia da bere BPGaren proportzio handiena defentsara bideratzen duen herrialdea, %3,78ko zifrarekin. AEBek (%3,47), Poloniak (%2,42), Lituaniak (%2,36), Estoniak (%2,34), Erresuma Batuak (%2,12), Letoniak (%2,1), eta Kroaziak (%2,03) jarraitzen diote Greziari, %2ko langa igaro duten herrialdeen zerrendan.

Oraingoz 30 herrialdeetatik zortzik lortu dute BPGaren %2 defentsan inbertitzeko langa gainditzea. [...] Eurogune guztian zor handiena (BPGaren %178) duen Grezia da defentsara diru gehien bideratzen duena

%2aren langa pasatu ez duten herrialdeek ere nabarmen handitu dute gastu militarra, dena den. 2014tik 2021era bitartean, Espainiako Estatuak %20,19 handitu zuen defentsa-gastua, baina baita Italiak (+%23,12) eta Alemaniak (+%36,82) ere. 2014ko bilkuran hartutako konpromisoa betetzetik urrun badaude ere, NATO osatzen duten herrialdeak modu jarraikorrean ari dira gastu militarrak handitzen, salbuespenik gabe. Hori gutxi balitz, Ukrainiako gudaren fase honek legitimatu egin du estatu horien indar militarra handitzearen ideia.

EZ DAGO IRUZKINIK