Gutxienez zazpi eraso matxista atera dira argitara Nafarroan eta Gasteizen (Araba) azken egunetan. Arabako hiriburuan, igande gauerdian jasan zuen erasoa emakume batek, Santa Luziako etxebizitza batean. Goizean hitzezko liskar bat izan ostean, gauean ere izan zuten liskarra emakumeak eta bere bikotekideak. Gaueko eztabaidan, fisikoki eraso zion gizonak. 36 urte ditu, eta atxilotu egin zuten emakumeak laguntza eske dei egin zuenean.
Nafarroan, bestalde, sei gizonezko atxilotu dituzte azken egunetan indarkeria matxistari lotutako delituengatik. Zehazki, bi gizon atzeman dituzte Sarrigurenen genero indarkeria leporatuta, eta bana Tuteran eta Burlatan. Lizarran lesioak eragitea egotzita atxilotu dute gizon bat, eta Andosillan, berriz, urruntze-agindu bat urratzeagatik.