Gutxienez hiru sexu-erasoren berri eman dute Euskal Herrian azken egunetan; hain zuzen, Tuteran (Nafarroa), Gasteizen (Araba) eta Errenterian (Gipuzkoa) eraso diete hiru emakumeri. Ostiral gauean izan zen aurreneko erasoa, Tuteran: 18 urteko gizon batek emakume bati eraso zion taberna batean. Salaketa bat jarri zuen emakumeak, eta gutxira atxilotu zuten erasotzailea. Dena den, aske utzi zuten; gaur aurkeztuko da Tuterako 1. Instrukzio Auzitegian.
Larunbat goizaldean, 04:30ak aldera, Gasteizen jasan zuen sexu-eraso bat emakume batek. Kalean zihoala, atzetik jarraitu zion 36 urteko gizon batek, bere etxeraino, eta atarian eraso zion. Barruan zokoratu ostean egin zion sexu-erasoa. Emakumearen oihuak entzutean jaitsi zen atarira bere bikotekidea, eta ihes egiten ari zela topatu zuen erasotzailea; atxikirik izan zuen patruila bat iritsi arte, eta atxilo eraman zuten. Epaile baten aurretik igaro ondotik espetxeratu zuten gizona.
Hainbat ordu beranduago, 07:00ak aldera, beste emakume bati eraso zion gizon batek Errenterian, kalean. Erasotzailea atxilotu egin dute tokitik ihes egiten saiatzen ari zela.