AKTUALITATEA / Errepresioa
Azken bi urteetan 98 atxiloketa eta 228.000 euroko isunak jasan ditu Indar Gorrik
Balantze errepresiboa egin du taldeak: batez beste atxiloketa bat jasan du astero, eta 1.000 euroko isun bat 3,3 egunean behin.
2026eko maiatzaren 15 - 07:50
Azken bi urteetan 98 atxiloketa eta 228.000 euroko isunak jasan ditu Indar Gorrik

2025-2026 futbol-denboraldia amaitzear den honetan, azken bi urteetan jasandako errepresioa erakusten duten hainbat datu esanguratsu argitaratu ditu Indar Gorrik. Balantzea sekulakoa da: bi urteko epean, 98 atxiloketa eta 228.000 euroko 351 isun ezarri dizkiete Indar Gorriko kideei, baita futbol-zelaietara sartzeko 52 urterainoko debekuak ere.

Batez besteko datuek ere ematen dute zeresana. Izan ere, batez beste, astean atxiloketa bat izan du Indar Gorrik, eta 1.000 euroko isun bat jasan du 3,3 egunean behin.

Apirilaren amaieran izan ziren azken atxiloketak: zortzi pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, otsailaren 21ean Sadarren izandako karga polizialen harira. Dena den, borrokarako mezu bat eman du taldeak: "Borrokan tinko garaipenera arte".