AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/30 10:15

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak Zarautzen (Gipuzkoa) egin du agerraldi bat, duela gutxi erailketa matxista bat izan den herrian, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren kontra mobilizatzera deitzeko. Egun horretan ere biolentzia matxistaren aurka kaleak hartzeko gonbita luzatu du Itaiak, Euskal Herriko 22 herritan antolatuko dituen mobilizazioetara batuz.

Beharrezkotzat jo du "indarkeria matxistaren aurkako borroka kalean indartzea" eta "matxismoa ukatzen duten ideia faxisten eta erasotzaileen inpunitatearen aurka" mobilizatzea, "matxismoarekin behin betiko amaituko duen alternatiba eraikitzeko" bideanAurtengo azaroaren 25ean, hain justu, ondoko herrietan egingo ditu manifestazioak eta elkarretaratzeak Emakumeon Antolakunde Sozialistak: Altsasun, Arrasaten, Azpeitian, Azkoitian, Baionan, Basaurin, Beasainen, Bilbon, Donostian, Durangon, Ermuan, Garesen, Gasteizen, Gernikan, Hernanin, Irunen, Iruñean, Lizarran, Ondarroan, Tolosan, Zarautzen eta Zestoan. Iaz, milaka lagun mobilizatu ziren Itaiaren deialdietan, diskurtso matxistei eta erreakzionarioei ezetz esateko besteak beste.

"Indarkeria matxistak bere errealitaterik gordinena erakusten du etengabe", esan du Itaiak Zarauzko agerraldian: "Emakumeok matxismoaren kolpeak jasaten ditugu egunero. Hamar indarkeria kasutik bederatzi ingurune hurbilean gertatzen dira; bikotekideak, bikotekide ohiak edo senideren batek gauzatutakoak izaten dira". Nabarmendu du, gainera, emakume langileak direla "egoera zaurgarrienean" daudenak; "gure bizi-baldintza prekarioek ezinezko egiten baitute indarkeria-testuinguruetatik askatzea".

Olatu erreakzionarioari aurre

Iazko azaroaren 25ari begira salatu zuen modura, Itaiak azaldu du "faxismoaren gorakadak emakumeok gutxiesten gaituzten ideiak zabaltzea" ekarri duela, nahiz eta "matxismoa ukatzea ez den ultraeskuinaren kontua soilik". Uste du, hain zuzen ere, "kalean normalizatu" direla "emakumeon aurkako jarrerak", eta "gure zapalkuntza minimizatzen duten mezuek indarra hartu" dutela gazteen artean, sare sozialek lagunduta. "Ezin dugu matxismoa normalizatzea onartu", diote Itaiako kideek: "Premiazkoa da emakumeonganako deshumanizazio eta subordinazio forma orori aurre egingo dion bloke zabala osatzea".

Instituzioen ezintasuna eta erantzunaren instituzionalizazioa

Seinalatu du, dena den, instituzioak indarkeria matxista "kudeatzera mugatzen" direla "gero eta baliabide urriagoekin", eta ez dutela inola ere hura desagerraraziko. Eta horrekin batera, ohartarazi du indarkeria matxistaren aurkako erantzun soziala "instituzionalizatzen" saiatu direla erakundeak, eta "eraso matxistak salatzeko kaleko erantzuna apaltzea" eragin duela horrek.

Orain, "matxismoaren aurkako borroka indartzeko momentua" dela aldarrikatu du Emakumeon Antolakunde Sozialistak, eta azaroaren 25ari egin dio azpimarra hurrengo hitzordu garrantzitsu gisa: "Kaleak hartuko ditugu".

EZ DAGO IRUZKINIK