Atzo, urriaren 28an, grebara deituta zeuden Hego Euskal Herriko 11.000 autobus gidari inguru; zehazki, 10.000 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 1.000 Nafarroan. Parte-hartzea oso desberdina izan zen lurralde batetik bestera: Nafarroan eta Bizkaian behargin gehiago batu ziren deialdira.
Bilbobus eta Bizkaibus zerbitzuetan erantzuna "ia erabatekoa" izan zen UGTren arabera. CCOOk dio ia %100eko erantzuna izan zutela lanuzteek, Enkarterrietan eta Durango inguruan izan ezik. Enpresek eta administrazio publikoak, ordea, beste datu batzuk eman dituzte. Bilboko Udalaren hitzetan, Bilbobuseko goizeko txandan langileen %31 zeuden greban, eta Bizkaibusen %40, Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan.
Gipuzkoan, Donostiako Dbus zerbitzuan eragin zuen gehien gidarien grebak. Donostiako Udalak esan du hiriko hamahiru autobus-linea geratu zirela bertan behera, langileen %32k lanuzteak egin zituzten-eta. UGTren arabera, beharginen %50ek parte hartu zuten greban, gutxieneko zerbitzua baino %20 gehiago.
Lurraldebusen, aitzitik, eragin txikiagoa eduki zuen grebak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuek diotenez, Lurraldebus garraioaz arduratzen diren zazpi enpresetatik hiru zerbitzua %100ean emateko gai izan ziren, eta %90ean egin zuten beste bik. Antza, denez Debagoiena, Donostia-Bilbo eta Tolosa-Buruntzaldea ibilbide luzeetan zabalagoa izan zen lanuztearen eragina, zerbitzua %70ean baitzegoen martxan.
Araban ere eragin mugatuagoa izan zuen grebak. Gasteizko Tuvisa autobusetako 72 gidarietatik bostek egin zuten greba goizeko txandan, eta udalak adierazi zuen "normaltasunez" aritu zela zerbitzua. Iruñeko autobus publikoei dagokienez, hamar autobusetatik lautan jo zuten grebara, eta gutxieneko zerbitzuak %40koak izan ziren.
Gutxieneko zerbitzuak, gehiegizkoak
Langileek salatu dutenez, inposatu dizkieten gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan dira. Iruñerriko villavesen zerbitzuak, adibidez, %40ko zerbitzu minimoak zituen atzo. Jaiegunetan egingo diren grebaldietan %30eko zerbitzu minimoak ezarri dituzte larunbatetarako, eta %20koak igandeetarako.
Hala ere, Iruñean, %60ko gutxieneko zerbitzuak agindu zituzten jende gehien ibiltzen den orduetarako, grebaren eragina apaltzeko asmoz. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %30eko zerbitzuak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak.
Autobus gidarien erretiro-adina aurreratzea exijitzen dute
Erretiroa hartzeko adina 60 urtera aurreratzea da gidarien aldarrikapen nagusia. Atzo elkarretaratzeak egin zituzten Espainiako Gobernuaren Bilboko eta Donostiako ordezkariordetzen aurrean, eta erretiro-adina ez aurreratzearen arriskuak onar ditzatela eskatu zuten. Azaldu dutenez, sektorean langileek bizitzen duten arriskua handia da, istripu asko dagoelako besteak beste; eta, gidarien kasuan, erabiltzaileentzat ere arriskuak ditu horrek.
CCOOko Juan Carlos Gonzalezek nabarmendu duenez, "gaur egun autobus batekin hirigune batean ibiltzeak estres maila izugarria eragiten du, eta ekartzen duena ekartzen du horrek". Hala, "kamioi bat, autobus bat edo mota horretako edozein ibilgailu gidatzen duen langile batek, 65 urterekin, gaitz jakin batzuk ditu, baita gabeziak ere, garai bateko erreflexuekin eta gaitasunekin alderatuta" ohartarazi zuen.
Erreflexuen galera hori kritikoa omen da hirian autobusak gidatzeko orduan, despiste txiki batek "eragin oso larria" izan dezakeelako. Gaineratu dutenez, 55 urte baino gehiagoko gidarien baja mediko kopurua beste adin-tarteetan baino %80 handiagoa da sektorean.
Greba deialdi gehiago ere egin dituzte CCOOk eta UGTk hurrengo hilabeteetarako: azaroaren 11n, 28an eta 29an lanuzteak egingo dituzte berriro langileek, eta horretara deitu dituzte gidari guztiak. Abenduan ere izango dira greba-egunak; 5ean, 9an eta 23an, gaueko 00:00etan hasita.