AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/18 12:25

Aurtengo martxoaren 3an, 49 urte beteko dira Gasteizko (Araba) sarraskitik. Espainiako Poliziak 1976ko martxoaren 3an erail zituen bost behargin Zaramaga auzoan, greban zeuden milaka langileren aurka oldartu baitzen, eliza batean bilduta zeudenean. Hala, Arabako hiriburuan urtero ekartzen dituzte gogora garai hartako borroka eta polizia-indarrek hildako bost langileak; Bienvenido Pereda Moral, Francisco Aznar Clemente, Jose Castillo Garcia, Pedro Maria Martinez Ocio eta Romualdo Barroso Chaparro. Mobilizazio jendetsu batek zeharkatzen du hiria egun horretan, eta, azken urteetan, Bloke Sozialista bat egin du manifestazioan Mugimendu Sozialistak.

Gasteizko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, aurten ere izango da blokea. Arratsaldeko 17:00etan jarri dute hitzordua Burullerias Plazan, eta hitzartze politiko baten ostean ekingo dio martxari zutabeak, aurrerago mobilizazio orokorrera batzeko. Oraingoan ere, Atzoko eta gaurko borrokaz, langile boterea eraiki izango du lelotzat Bloke Sozialistak.

Datozen egunetan, gainera, eraildako bost beharginak oroitzeko mural bat egingo du Zaramagan Ekida Arte Ekimen Sozialistak, haien omenezko monolito inguruan hain zuzen ere. Bi hitzordu jarri dituzte murala egiteko, otsailaren 21ean 16:30ean eta otsailaren 23an 11:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK