AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/04 11:58

Espainiako Estatuko langabeziaren eta kontratazioaren azken datuak kaleratu eta berehala hasi dira zifren dantzak komunikabideetako lerroburuetan. Zenbait hedabidek kezkatuago dirudite emaitzen interpretazio baikor bat ematearekin, enpleguaren dimentsio errealekin baino. Eldiario.es atariak, esaterako, "martxoko enpleguaren igoera hilabete horretan inoiz erregistratu den handiena" izan dela dio.

Juanjo Basterra ekonomia arloko kazetariak bestelako ikuspegi bat eman du bere sare sozialetan. Hego Euskal Herriko zifrak eskuan hartuta, adibidez, 2023ko lehen hiruhilekoan 235.206 lan-kontratu berri sinatu direla dio, eta horien %73,68 aldi baterakoak izan direla; hots, lau kontratutik ia hiru.

Bestalde, kontratu mugagabe berriak 615.674 izan dira guztira Espainiako Estatuan, baina horien egonkortasuna zalantzan jar daiteke, kontratu horiek guztiak 582.556 lagunentzat izan direla ikusita. Mugagabeen %53,84 lanaldi partzialekoak zein aldizkako finkoak direla azpimarratu du Basterrak.

Langabeziari so, egia da gaur-gaurkoz aurreko hilean baino 3.508 langabe gutxiago daudela, baina auzia ez da hor amaitzen. Hasteko, Hego Euskal Herrian 141.142 langabe zenbatzen dira oraindik. Langabeziaren irudi errealagoa eskaintzen duen enplegu-eskatzaile ez-okupatuen zenbatekoa, berriz, 149.576 da. Gainera, langabeen artean 75.950 lagunek ez dute inolako langabezia-saririk jasotzen. Basterrak gogora ekarri duenez, martxoaren 31n, 147.810 pertsonak galdu zuten enplegua Espainiako Estatuan.

Zerbitzarien armada

Dena den, egia da zenbait sektoretan lanpostu ugari sortu direla; ostalaritzan, esaterako. Martxoan Hego Euskal Herrian 1.295.593 langile zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda, aurreko hilean baino 8.735 gehiago. Zatirik handiena zerbitzuen sektorean sumatu da. Gizarte Segurantzako afiliazioaren hazkundearen Espainiako Estatuko zifrei erreparatuta, handiena ostalaritzan izan dela ikus daiteke: 71.808 lanpostu berri, apirilean baino %5,67 gehiago. Gainerako sektoreak kopuru horietatik "urrun" daudela nabarmendu du Basterrak. Eraikuntza sektorea dago bigarren postuan, 14.957 afiliatu berrirekin (+%1,55).

EZ DAGO IRUZKINIK