AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteiz, joan den abuztuan.
2024/12/27 09:37

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurten erregistratutako eraso matxistei buruzko hainbat datu eman ditu Emakundek. Urtarrila hasi zenetik abendura bitartean, alegia, urtea amaitzeko hilabete baten faltan, 5.212 emakumek jasandako indarkeria matxistaren berri eman da erkidegoan; 2.625 izan dira Bizkaian, 1.727 Gipuzkoan eta 860 Araban. 2023ko aldi berean baino %8 gehiago da hori, eta salatutako sexu-erasoak igo dira gehien.

Dena den, euren bikotekideen edo bikotekide ohien biolentzia matxista jasan duten emakumeak dira nagusi: 3.554. Iazko aldi berean erregistratutakoekin alderatuta (3.383), %5 egin dute gora aurten argitara atera diren kasuek. Gogoraraztekoa da 2024an gutxienez sei emakume erail dituztela Euskal Herrian: hilabete honetan bertan, Leonor tiroz hil du bere bikotekide ohiak, Pasaian (Gipuzkoa).

Familia-eremu barruan izandako eraso matxistei dagokienez, hau da, senideren batek egindako erasoei dagokienez (bikotekide edo bikotekide ohienak izan ezik), gutxienez 975 emakumek pairatutako indarkeria atera da argitara urteko lehen 11 hilabeteetan. 2023ko aldi berarekin alderatuta, %13 igo dira ezagutu diren kasuak, 865 izan baitziren orduan. Gipuzkoan ikus daiteke aurtengo igoerarik handiena, %18koa (313 eraso aurten eta 265 iaz), baina Araban eta Bizkaian ere gorakadak egon dira: %12koa eta %10ekoa, hurrenez hurren.

Bestalde, urte honetako lehen 11 hilabeteetan, 638 emakumek jarri zuten salaketaren bat sexu-erasoren baten biktima izateagatik. Iazko aldi berean baino %16,7 salaketa gehiago erregistratu dituzte, hortaz: %31ko igoera izan da Gipuzkoan (263 eraso aurten eta 201 iaz), %21ekoa Araban (104 aurten eta 86 iaz), eta %6koa Bizkaian (316 aurten eta 298 iaz).

EZ DAGO IRUZKINIK