AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizko campusa.
2022/03/08 11:17

Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak, Arrakalak, Lorratzek, Akelarrek, Bilboko Unibertsitateko Emakume Taldeen Koordinadorak eta Unibertsitateko Indar Batasunak deituta, Hego Euskal Herriko zortzi campus eta fakultatetan mobilizatu dira gaur goizean, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean. Hain justu, Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako campusean (Bizkaia), Gasteizkoan (Araba), Ibaetakoan (Donostia, Gipuzkoa), Bilbokoan (Bizkaia) eta Eibarrekoan (Gipuzkoa) izan dira mobilizazioak.

Ikasle Abertzaleakek, bestalde, elkarretaratzeak egin ditu Hego Euskal Herriko 47 ikastetxetan, Lotzen gaituzten kateetatik askatzeko, emakume langileok borrokara batu! lelo hartuta. Horretaz gain, hitzaldiak egin ditu beste hamaika hezigunetan. Martxoaren 8aren "izaera politikoa" eta "emakume langileok bizi ditugun zapalkuntzak gaurdanik borrokatzeko beharra" azpimarratu dituzte IAko kideek.

Berdintasun faltsua

Behinola mugimendu iralultzaile baten parte izandako eguna "desitxuratu" egin dela esan dute gaurkoan campusetako emakume taldeetako kideek; izan ere, "burgesiak bere ahalegin guztia egiten du tradizio iraultzailea blokeatzeko eta errealitate soziala eraldatzeko borondatea duen edozein proiektu politiko oztopatzeko".

Instituzio eta agente burgesek "berdintasunaren izenean martxan jartzen dituzten politika eta aldarri feministak" testuinguru horretan ulertu behar direla gehitu dute. Unibertsitateak, esaterako, berdintasunaren aldeko aldarriak "aurpegi zuriketarako" erabiltzen dituela salatu dute. Hala, azaldu dute ez direla eraginkorrak espazio horietan martxan jartzen diren politikak; horren adibidetzat jarri dituzte garbitzaileen "miseriazko lan-baldintzak" edota azken urtean unibertsitateko irakasle batzuek egindako erasoak.

IAk esan duenez, gaur egun berdintasunaz asko hitz egiten bada ere, "geroz eta indarkeria matxista kasu gehiago" izaten diren gizarte batean bizi gara. "Dominaziorik eta zapalkuntzarik gabeko" errealitate baten beharra azpimarratu dute, beraz.

Antolatzeko beharra

Horren guztiaren aurrean, "errealitate sozial osoa eraldatzea" beharrezkoa dela adierazi dute campusetako mobilizazioen antolatzaileek, eta "emakume langile orori" egin diote antolatzeko deia. IAko kideek ikastetxeetan egindako mobilizazioetan, aldiz, beharrezkotzat jo dute "heziguneetan langile klaseko kideon aurka ematen den ofentsibaren aurrean antolatzea".

Itaiaren deialdiak arratsalderako

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak arratsalderako antolatu ditu mobilizazioak Euskal Herriko 32 herritan. Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki! izango dute aldarri aurtengoan.

EZ DAGO IRUZKINIK