AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Dani Blanco/Argia
2022/10/11 09:21

2005. urtean atera zen argitara Donostia (Gipuzkoa) inguruan makrokartzela bat eraikitzeko asmoa, Espainiako Espetxe Erakundeen eta garai hartako Donostiako alkate Odon Elorzaren ahotik. Hasieran, 2.000 pertsona giltzapetzeko gaitasuna izango zuen espetxe bat eraikitzea zen asmoa.

Informazio gehiago argitaratzen joan ahala, dena den, azpiegitura zertxobait txikiagoa izango zela jakinarazi zuten, nahiz eta hasieran ez zen argi geratu 500 preso giltzapetzeko gaitasuna izango zuen, edo 500 ziega izango zituen. Azaldu zuten, hala ere, Zubietan (Gipuzkoa) kokatuko zutela makroespetxea, Donostiako Udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak eta norbanakoenak ziren lurretan. Aurrerago zehaztu zuten, bestalde, 500 lagun preso hartzeko gaitasuna izango zuela kartzelak.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek aurtengo maiatzean esan zuenez, atzeratu egin da Zubietako makrokartzelaren irekiera, eta aurreikuspena da 2024ra arte ez egotea martxan. Obra, dena den, 2023ko abuzturako edo irailerako egongo da amaituta.

Zubietako erraustegitik 200 metrora egongo da presondegia, eta 28 hektarea hartuko ditu. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren esanetan, "hiri txiki baten modukoa" izango da, 36.000 metro karratu izango baititu.

Sei modulutan bereizita egongo da, eta emakume presoentzako izango da horietako bat. "Erregimen diziplinariorako" modulu bat ere egongo da, zazpi gelarekin. Guztira, 234 ziega eraikiko dituzte, baita "Birgizarteratze Zentro bat" ere. Grande-Marlaskaren arabera, "Espainiako espetxerik modernoena" izango da; guztira 38,8 milioi euro erabiliko dituzte eraikitzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK