AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2022/09/19 10:40

Operatiboak dira jada Greziako Unibertsitate Erakundeak Babesteko Ekipoak (OPPI) —Unibertsitate Polizia modura ezagunak—, campusak polizia-indarren zaintzapean jartzea ahalbidetzen duen neurria indarrean sartu ostean. Proba modura, Atenasko eta Tesalonikako lau campus nagusietan sortu dute Unibertsitate Polizia ikasturte honen hasieran; hain zuzen, Atenasko Unibertsitate Tekniko Nazionalean, Ekonomia eta Enpresa Administrazioko Unibertsitatean eta Unibertsitate Nazional eta Kapodistrianoan, eta Tesalonikako Aristoteles Unibertsitatean. Horren eskutik, istiluen kontrako polizia-agenteak bidali dituzte zenbait campusetara, ikasleen protestak gelditzeko; azken egunetan, ohikoak izan dira istiluen kontrako poliziak Unibertsitate Polizia babesten zuela erakutsi duten irudiak.

Berriz piztu dira, beraz, Unibertsitate Poliziaren aurkako protestak; hala nola, Atenasen nahiz Tesalonikan. Mobilizazio masiboak izan dira azken bi asteetan, ikasleen, irakasleen nahiz campusetako beste langile-sektore batzuen parte-hartzearekin, eta tentsioak gora egin du poliziaren oldarraldi latzarekin. Besteak beste, polizia-agenteek ur-kanoiak eta gas negar-eragileak erabili dituzte manifestarien kontra. Urte hasieran ere izan ziren neurri errepresibo berriaren aurkako protestak Greziako hamaika hiritan, legea eztabaidagai zenean parlamentuan; otsailean onartu zuten. Legedi berriak unibertsitaterako sarbidea zailtzea ere barne hartzen du, onarpen-proba askoz ere zorrotzagoen bidez.

Demokrazia Berria (ND) alderdia buru duen gobernu kontserbadoreak esan izan du "askatasun akademikoa zaintzea" eta segurtasuna indartzea dela neurriaren helburua, horretarako, unibertsitate bakoitzeko errektorearen gainbegiratzea beharrezkoa izan gabe. Ikasle mugimenduak hasieratik seinalatu du, dena den, asmo argi bat duela Unibertsitate Poliziaren agerpenak: mugimendu politikoak unibertsitatetik aldentzea, eta horiek jazartzea.

Neurriak, gainera, karga sinboliko ikaragarria du. Izan ere, koronelen diktadura militarra deiturikoa amaitu zenetik, 1974tik, campusetan polizia-agenteen presentzia iraunkorra egongo den aurreneko aldia da. 2019an, aurrekari bat jarri zuen jada Demokrazia Berriak gidatutako gobernuak: polizia unibertsitatera sartzeko debekua bertan behera utzi zuen. Orain, 50 milioi euro bideratuko ditu gobernuak unibertsitateko kontrol soziala indartzeko; besteak beste, bideozaintza-kamerak eta Unibertsitate Polizia finantzatuko ditu horrekin.

EZ DAGO IRUZKINIK