Urte honetan, ikasle-mugimenduak Euskal Herriko sei campusetan antolatu ditu Herri Unibertsitateak, bi edo hiru eguneko egitarauekin. Asteartean ekin zieten egitarauei Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Bilboko (Bizkaia), Gasteizko (Araba), Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) eta Leioako (Bizkaia) campusetan, eta Eibarren (Gipuzkoa) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), berriz, atzo.
Edizio guztietan bezala, egitarauetan hitzaldiak eta mahai-inguruak izaten ari dira nagusi, eta ikasleak hamaika auziren inguruan ari dira gogoeta egiten horietan. Atzoko saioetan, esaterako, trumpismoaz eta eskuineko populismoaz, osasungintzaz nahiz historiaren ulerkera materialistaz aritu ziren Leioako campusean; adimenaren merkantilizazioaz, arkitektura kapitalistaz, industria kulturalaz eta Marxen proiektu politikoaren gaurkotasunaz jardun zuten Ibaetan; lerrokatze geopolitikoa, zibersegurtasuna, euskara eta Europako ekonomiaren krisia aztertu zituzten Gasteizen; ekonomiako graduen gainbeheraz eta zuzenbidearen filosofiatik ekonomia politikoaren kritikarako garapenaz hausnartu zuten Bilbon; emakume langileen fronteak langile-mugimenduan historikoki izandako eginkizunez eta kirolaren negozioaz aritu ziren Iruñean; eta energia berriztagarriak eta emakumeen frontea aztertu zituzten Eibarren.
Hitzaldiez gain, baina, aisialdiko eskaintza zabala izan zuten ikasleek lekuan leku: herri-kirolak eta mikrofono irekia Ibaetan; korto lehiaketa eta monologo saioak Leioan; adimen artifizialari eta argazkilaritzari buruzko tailerrak eta olinpiadak Gasteizen; autodefentsa tailerra eta zineforuma Iruñean; mus txapelketa eta kandela tailerra Eibarren; eta dardo zein mus txapelketak Bilbon.
Gaur, azken eguna
Bilboko Herri Unibertsitatea atzoko ekimenekin amaitu zen, baina gainerako bost campusetan aurrera doaz egitarauak. Goizean hitzaldi nagusi bana izango da Ibaetan, Leioan, Gasteizen eta Iruñean, auzi berari buruz: gerra eta Europaren berrarmatzea. Eibarren, berriz, hezkuntza-problematikaz eta ikasle-mugimenduaz jardungo dute.
Bestalde, eguerdian, mobilizazioak egingo dituzte Ibaetako, Leioako eta Gasteizko campusetan, EHUri exijitzeko harremanak eten ditzala Israelgo Estatu sionistarekin. 12:00etan hasiko da Leioako protesta Mikel Laboatik, eta 12:30ean Ibaetakoa eta Gasteizkoa, Aulariopetik eta Elurretatik hurrenez hurren.
Eta, eguerditik aurrera, aisialdiko ekimenak izango dira nagusi campusetan: fakultatekako bazkariak, monologoak, boxeo-ikuskizuna eta kontzertuak Ibaetan; campus mailako bazkaria eta kirol-txapelketak Leioan (iluntzean Bilbon egingo dituzte bertso-poteo bat eta kontzertuak); campus mailako bazkaria eta olinpiadak Gasteizen (gauerako Gaztetxean antolatu dituzte kontzertuak); pilota-ikuskizuna Iruñeko Mañueta frontoian eta kontzertuak Aitzinan; eta grafiti eta euskal dantza tailerrak, pintxo-potea eta jolasak Eibarren.