AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaztetxearen aurkako desalojo-aginduaren berri eman zuten unea, iazko otsailean. Argazkia: Hondarribiko Gaztetxea
2021/07/08 15:10

Hondarribiko Gaztetxearen aurkako prozesu judizialeko kostuak Hondarribiko Gaztetxe Asanbladak berak ordaintzea eskatu zuen eraikinaren legezko jabeak, Elizak: 3.994 euro ziren guztira. Kostu errepresiboei aurre egiteko kanpaina luze baten ostean eta, besteak beste, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak gaztetxearen esku jarritako tresnen bidez, esaterako, Erresistentzia Kutxa Nazionala, "neurrigabeko isunari aurre egitea" lortu dute.

Bestalde, hilabete hauetan guztietan ekarpen ekonomikoa egin duten nahiz modu batera edo bestera babesa eman dieten guztiei eman dizkiete eskerrak gaztetxeko kideek. "Zuen babesa Hondarribiko Gaztetxearen indarraren funtsa izan da, lehen unetik amaierara arte", adierazi dute.

2019tik hona

2019ko apirilaren 19an jakinarazi zuten ateak ireki zituela Hondarribiko Gaztetxeak: Eliza Katolikoaren Egiluz jauregia birjabetu zuten hainbat gaztek Hondarribian (Gipuzkoa). Handik gutxira hasi zen okupazio horren aurkako prozesu judiziala, eta apirilaren 29an ekin zioten hiru gazteren aurkako epaiketari. Urte berdineko maiatzean, absolbitu egin zituzten auzipetuak.

Urte horretako abenduaren 11n, Elizak jauregia berreskuratzeko prozedura abiatu zuela jakinarazi zieten gaztetxeko kideei, eta haiek berehala jarri zuten martxan espazioaren autodefentsa antolatua. 2020ko otsailaren 8an jaso zuten desalojo-agindua, eta martxoaren 5ean hustu zuen Ertzaintzak Hondarribiko Gaztetxea.

Elkartasun antolatua

Gaztetxeko kideek aurtengo martxoaren 21ean eman zuten okupazioan parte hartu zuten kideei jarritako isun erraldoiaren berri; Elizak "epaiketak sortutako gastuak ordaintzeko" eskatu zien zenbateko hori. "Elkartasun antolatuaren printzipioa egi bihurtu duen" Erraki bezalako antolakuntza moduek posible egiten dute halako "neurrigabeko isunei" aurre egitea, gaztetxeko kideen arabera; baita, orokorrean, Langile Kontrolpeko Espazioen aurkako erasoei aurre egitea ere.

EZ DAGO IRUZKINIK