Urteak dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Smart Talent Source SL enpresarekin batera, pertsonen aurpegien bidez emozioak atzemateko sistema bat garatzen ari dela. Ikerketa hori aitzakiatzat hartuta, berriki, aurpegien errekonozimendurako kamera batzuk jarri dituzte martxan Iruñeko (Nafarroa) campusean; hain justu, liburutegiaren sarreran.
"Kamera horiek ikasleon kontrolerako mekanismo bat gehiago dira", adierazi du Unibertsitateko Indar Batasunak neurri berriaren harira: "[...] Kameren bitartez, ikasleen jarraipen zuzena egiten da eta ikasleon oinarrizko askatasunak urratzen dira". Gisa horretako mekanismoen "normalizazioa", gainera, "kontrol geroz eta zuzenagoa ezarri ahal izateko aurrekari arriskutsutzat" jo du UIBk.
Liburutegiaren sarreran aurpegien errekonozimendurako kamerak jartzeak, bestalde, "ikasle batzuei sarbidea ukatzea" ahalbidetuko du, UIBren esanetan. "Unibertsitate publikoan ikasten ez duten ikasleek ez dute aukerarik izango bertako liburutegiko zerbitzua jasotzeko. Horrek, beraz, ikasteko baldintza egokien urraketa bat dakar", iritzi dio.