AKTUALITATEA / Errepresioa
Atzo beste lau ikasle identifikatu zituzten Ibaetako campusean
Ertzaintza Ibaetako campusera sartu zen berriz, eta hilaren 30eko grebaren harira propaganda egiten ari ziren lau ikasle identifikatu zituen. Asteazkenean, polizia-indarrek beste ikasle bat atxilotu zuten Gasteizko campusean, arrazoi berdinarengatik.
2023eko martxoaren 24
Atzo beste lau ikasle identifikatu zituzten Ibaetako campusean

Polizia-indarrek, izan udaltzain, ertzain edo Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) zuzenean kontratatutako segurtasun-agente, inpunitate osoz jarraitzen dute lan politikoan ari diren ikasleak jazartzen. Atzokoan, Ertzaintza sartu zen berriz Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusera, eta lau ikasleren kontra egin zuen. Martxoaren 30ean ikasle greba bat izango da Ikasle Abertzaleakek deituta, eta grebara deitzeko propaganda politikoa egiten ari zirela jo zuten ertzainek lau ikasleen aurka: berriz ere campuseko eremura sartu, eta propaganda egiten ari ziren lau ikasle identifikatu zituzten.

Otsailaren hasieran ere campusera sartu zen Ertzaintza. Orduan ere, ikasleen propaganda politikoa izan zen esku hartzeko arrazoia: EHUk 34 ikasle grebalariri irekitako espedienteen kontrako manifestazio bat zela-eta, propaganda egin zuten hainbat ikaslek, eta horren ostean bertaratu ziren ertzainak Ibaetara. Hainbat kartel kendu zituzten.

Asteazken honetan, gainera, polizia-indarrek ikasle bat atxilotu dute Gasteizko (Araba) campusean, arrazoi berdinarengatik. Hilaren 30eko grebaren harira propaganda politikoa egiten ari zenean jazarri zuten kalez jantzitako agente batek eta udaltzainek, eta atxilo hartu zuten. Iluntzean utzi zuten aske.