Atzo, ekainak 21, Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak berriz jarri zituen martxan asanbladak.
Salbuespen egoera ezarri aurretik eta azaroan
hasita, igandero elkartzen ziren sindikatuko kideak. Atzo, hiru hilabete baino gehiagoko etenaldiaren ostean, "elkar babesa antolatzeko" bildu ziren
berriz Gasteizko Alde Zaharrean. Datozen hilabeteei begira, parez pare dugun ofentsibari aurre
egiteko, "indarrak modu eraginkorrenean antolatzeko" egitekoa azpimarratu zuten,
batik bat.
SALBUESPEN EGOERAN ERE ANTOLATUTA
Burgesiaren
ofentsibaren aurrean, sindikatuak "doako etxebizitza, unibertsala eta kalitatezkoa"
aldarrikatu zuen martxoaren amaieran. Helbide elektroniko bat jarri zuen martxan, etxebizitzari lotutako arazoak bizitzen ari zirenei "aholkularitza eta sostengua bermatzeko". Ehunka pertsona jarri dira harremanetan azkeneko hilabeteetan.
Egoeraren azterketa zehatzago bat egiteko asmoz, salbuespen egoeran Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jarri diren pertsonen zenbait datu bildu eta ondorioak argitara atera zituzten sindikatuko kideek. Maiatzaren bigarren hamabostaldian, 315 lagun ziren jada haiekin kontaktuan jarri zirenak, eta horietatik %85 emakumezkoak ziren. Hortaz, ondorioztatu zuten "etxebizitzaren arazoaren tamaina izugarri handia" dela eta "emakume langilearen egoera bereziki zaurgarria dela".
Aholkularitza ahalbidetzeaz gain,
kasu batzuetan, borroka prozesu batzuen hasiera bizi izan dute sindikatuan. Bide horretan, legedia
zein instituzio burgesen inguruko ikerketak ere egin dituzte ekarpen modura.
Bestalde, Hozkailu hutsik ez kanpaina abiatu
zuten garai berdinean, dagoeneko janaria lortzeko ezintasunak zituzten familien beharrei erantzuten saiatzeaz gain, "kideen elikadura bermatzeko". Hala, elikagaiak erosteko
diru-bilketa hasi zuten, eta lehentasunezkotzat jotzen duten auzi honi aurre egiteko tresna bat sortu zutela diote, "aurrerago beste forma bat hartuko duena".