El Correo egunkariaren arabera, Athleticeko zaleen zerrenda beltz bat sortu du Ertzaintzak, eta klubari eman dio jadanik. Zerrenda horretan ageri diren 100 zaleei debekatu egin diete Athleticek ostegunean Glasgown (Eskozia) izango duen partidara joatera, ez baitiete sarrerarik emango. Klubak eskuak garbitu ditu esanez, "segurtasun-arauak" direla-eta, behartuta dagoela Ertzaintzaren eskaerak betetzera.
Itxura denez, zerrenda beltzean azaltzen diren zaleetako batzuek partidarako sarrerak eskuratzeko zozketa batean izena eman zuten, baina klubak posta elektroniko bidez esan die debekatuta dutela Glasgowra bidaiatzea: esan die Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren jakinarazpen bat jaso duela, eta haiei sarrerak ez emateko eskatu diela, "ekintza arriskutsuekin edo biolentoekin" harremana izateagatik. Dena den, ez da guztiz zehazten Poliziak zein irizpideren arabera osatu duen zerrenda hori, eta zergatik jotzen dituen "arriskutsutzat" bertan ageri diren pertsonak.
El Correo-ren esanetan, hiru une zehatzekin lotura izatea leporatzen diete zerrendako pertsonei, eta horregatik jarri dituzte jopuntuan: Erroman bengala batzuekin izandako gertakariekin (bengala batzuk piztu eta bota zituzten hainbat lagunek) lotu dituzte hamabost lagun, eta ertzainek Bilbon (Bizkaia) egindako bi sarekadatan atzeman zituzten gainerako guztiak. Jende ugari identifikatu zuten sarekada horietan, eta interbentzioetako bat, behintzat, Herri Norteren aurkako operaziotzat hartu du El Correo-k.
Badirudi, hala ere, honakoa ez dela Ertzaintzak klubari halako zerrenda bat ematen dion lehen aldia. Athleticek Erroman jokatutako azken partidaren aurretik ere berdin egin zuen, baina kasu horretan ez omen zen sarrerarik gabe gelditu seinalatutako pertsona bat bera ere. Une honetan, gainera, beste zale andana batek debekatuta dauka San Mamesera joatea edo animazio-ekintza batzuetan parte hartzea. Erreportaje honetan jaso genituen Athleticeko zaleek azken urteetan jasandako errepresio kasuetako batzuk.