AKTUALITATEA / Kontseilu sozialistak
Aterabide bat exijitu dute Irunen etxegabetua izatear dagoen familiarentzat
Irungo Udalak datozen egunetan kaleratu nahi du familia bat, adin txikiko sei pertsona tartean. "Familiaren beharretara egokitutako etxebizitza-alternatiba bat" aldarrikatu du Bidasoko Kontseilu Sozialistak, eta protesta bat egin zuen aurreko ostiralean.
2024eko irailaren 2
Aterabide bat exijitu dute Irunen etxegabetua izatear dagoen familiarentzat

Irunen (Gipuzkoa), etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat. Adin txikiko sei lagun dira sendian. Irungo Udalaren larrialdi-etxebizitza batean bizi dira une honetan, baina handik bota nahi ditu udalak, bizitoki-alternatiba egokirik ziurtatuta ez eduki arren.

Egoeraren berri eman eta protestara deitu zuen Bidasoko Kontseilu Sozialistak. Aurreko ostiralean, abuztuaren 30ean, kontzentrazio bat egin zuen Irungo San Juan plazan: "familiaren beharretara egokitutako etxebizitza-alternatiba bat" exijitu zuten elkarretaratzean, eta etxegabetze ororen kontra agertu ziren.

"Kasu honek erakusten du horrelako egoerei aurre egin ahal izateko modu bakarra dela etxebizitzarako sarbide unibertsala bermatuko duen gizarte-eredu baten aldeko antolakuntza eta borroka", esan zuten Kontseilu Sozialistako kideek. Hala, hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu zuten.