Urte eta erdi baino ez da igaro Eusko Jaurlaritzako aurreko legegintzaldia amaitu zenetik eta, beraz, sailburuak aldatu zituztenetik. 2020ko irailetik 2024ko ekainera bitartean, Gotzone Sagardui jeltzale bilbotarra izan zen Osasun Saileko burua EAEn, eta aski kritikatuak izan ziren bere eskutik ezarritako hamaika neurri: osasun-zerbitzuen murrizketa eta horiek enpresa pribatuen bidez emateko mugimenduak, 2030 Plana deiturikoa, COVID-19aren pandemiaren kudeaketa, eta abar.
Jaurlaritzako kargu publikoa utzi eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) bere ibilbideari berrekin ostean (plaza publiko bat dauka bertan), egindako merituak probestu eta enpresa pribatura jauzi egin du Sagarduik. Atzo bertan jakinarazi zuten Gasteizko (Araba) Vithas San José klinika pribatuak fitxatu duela: bertako mediku-zuzendaria izango da sailburu ohia.
Honakoa ez da EAEko politikariek ate birakarien bidez enpresa-mundu pribatura salto egiten duten aurreneko aldia, nahiz eta, teorian, batzorde bat dagoen horrek kargu publiko bat izatearekin edo eduki izanarekin sortzen duen "bateraezintasuna" identifikatzeko. Dena den, Jaurlaritzak ez du 2023tik berritu enpresa pribatuetan muturra sartzea lortu duten kargudun ohien zerrenda; web-orrian eguneratu beharko lituzke halako mugimenduak. Sagarduiren kasuan batzorde horrek emandako ebazpena ere, noski, ez dute argitaratu.
Jon Darpon Osasun sailburu ohia, 2019an Osakidetzarako oposizioei lotutako polemika zela-eta dimisioa eman bezain pronto, Eurasia taldean eta Keralty Health aseguru pribatuan sartu zen. Sail horren parte izandako Ibon Etxeberriak, berriz, Osakidetzako anbulantziak kudeatu izan dituen enpresa nagusian lortu zuen kargu bat, Grup La Paun hain zuzen (ezaguna da konpainia horrek nola urratu dituen langileen eskubideak eta osasun-zerbitzua bera). Administrazio sailburuorde izandako Fatima Ansotegi, Kalitateko zuzendariorde ohi Mayte Bacigalupe edo EAJko presidente izandako Josu Jon Imazen kasuak ere ezagunak dira, enpresa pribatuetan hasitako jardunagatik. Imaz Repsoleko buruetako bat da gaur egun, eta enpresarien interesen ordezkari fidel.