AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/28 08:18

Aste honetan, familia bat etxegabetu dute Astrabuduan (Erandio, Bizkaia). Mailegu-enpresa batek hilabeteak daramatza haiek etxetik bota nahian, eta berriz lortu du azkenean. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaineratu duenez, ez da familiaren "zaurgarritasun-egoera kontuan hartu, ezta alegazioetarako epe egoki bat utzi ere".

Denbora gutxian 70 urteko andre bat eta bere biloba etxetik botatzen dituzten bigarren aldia da. Tu Mejor Préstamoren iruzur bat eta mailegu bati buruzko abusuzko klausulak jasan ostean, emakumeari etxea kendu zioten mailegu-emaileek, eta horregatik etxegabetu zituzten iazko azaroaren 12an. Kaleratzea gelditzera deitu zuen Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, baina Poliziak indarrez burutu zuen desalojoa, hainbat pertsona zaurituz eta atxilotuz.

Sindikatuak otsailean jakinarazi zuen, baina, bere etxera itzuli zela familia: hura berriz irekitzea eta berreskuratzea lortu zuten. Beste etxegabetze-prozesu bat hastearen arriskuaz ohartarazi zuten sindikatuko kideek, baina etxea defendatzeko konpromisoa erakutsi zuten.

Familia etxegabetzeko bide legalak eta ilegalak

Bide legalak etxegabetzea guztiz gauzatzeko nahikoa izan ez zirela ikustean, bide estrajudizialetara jo zuen mailegu-enpresak: desokupazio-talde bat kontratatu zuen bi pertsona horiek euren etxetik kanporatzeko. Desokupek hainbat astez jazarri dituzte, pisutik alde egitera behartzeko. Familiak, baina, tinko eutsi dio, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik.

Dena den, aste honetan bertan jakin dute Tu Mejor Préstamok, bide judizialari helduz, berehalako kaleratze bat exijitu zuela berriz ere. Eta asteazkenean eman eta bete zuten kaleratze-agindua: Polizia indarrez sartu zen etxera eta bi pertsonak bota zituen, kale gorrian utziz.

Protesta gaur arratsaldean

"Kasu honetan, beste hainbatetan bezala, Poliziak eta sistema judizialak mailegu-emaileen negozioa eta etekina lehenetsi dute, bi pertsonaren etxebizitza izateko beharraren gainetik", salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Hala, etxegabetze guztiei ezetz esatea helburu, protesta bat antolatu du gaur arratsalderako: 19:00etan izango da, Astrabuduako Josu Murueta Plazan.

EZ DAGO IRUZKINIK