AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Etxegabetzea iazko azaroan.
2025/02/24 10:59

Desokupazio-enpresa batek familia bat kaleratu nahi du bere etxetik Astrabuduan (Erandio, Bizkaia), Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez. Iazko azaroan etxegabetu zituzten 70 urteko emakumea eta bere biloba, Bilboko (Bizkaia) mailegu-enpresa baten iruzurra jasan ostean. Bere garaian, andreak 7.000 euroko mailegu bat eskatu zuenean, etxea abal gisa jartzera behartu zuen Tu Mejor Préstamo enpresak; eta, gero, zor hori osorik ordaindu ezin izanaren ondorioz galdu du 40 urtez berea izandako etxea. Iruzurgileek martxan jarri zuten etxea kentzeko eta bertan bizi zen familia handik botatzeko prozesua, eta horren emaitza izan zen azaroko kaleratzea. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxegabetzeari aurre egin bazion ere, Poliziak indarrez gauzatu zuen etxegabetzea, zenbait lagun zaurituz eta atxilotuz.

Hala ere, egindako borrokari eta antolaketa politikoari esker, etxe hori berreskuratzea lortu zuten duela pare bat hilabete. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hilabete honen hasieran eman zuen berri pozgarria, eta jakinarazi zuen bere etxera itzuli ahal izan zuela azaroan etxegabetutako familiak. Horrekin batera, etxea defendatzeko konpromisoa erakutsi zuten sindikatuko kideek, guztiontzako etxebizitza eskubidea bermatzeko borrokaren barruan.

Hautu horri eusten dio sindikatuak, baina egoeraren larritasunaz ohartarazi du orain: izan ere, familiari iruzur egin zion eta etxea kendu zion mailegu-enpresak legez kanpoko etxegabetze bat gauzatu nahi du, desokupazio-talde bat kontratatu baitu. Aurreko asteazkenean, otsailaren 19an, hiru desokupa bertaratu ziren Astrabuduako etxera, eta presioaren eta intimidazioaren bidez saiatu ziren andrea eta bere biloba handik kanporatzen. 7.000 euro eskaini zizkieten, pisua uztearen truke. Mehatxu argi bat egin zieten, bestalde: sarbide-kontrol bat jarri eta setio bat ezarriko zietela esan zuten, 24 orduan euren etxea uzten ez bazuten.

Desokupazio-taldeen zeregina

"Desokupazio-enpresa horiek etxejabe handiek zein txikiek kontratatzen dituzte modu estrajudizialean eta parapolizialean jarduteko", salatu du sindikatuak. Eta gaitzetsi du, gainera, "polizia-indarrek, botere judizialak eta administrazioek enpresa horien jarduera baimentzen" dutela, desokupek "funtzio garrantzitsu bat betetzen" dutelako: "Behar beste irabazi sortzen ez duten etxebizitzetatik kanporatzen dute proletalgoa".

Horrekin batera, desokupazio-taldeek beste eginkizun garrantzitsu bat betetzen dutela ere nabarmendu du sindikatuak; "proletalgoa kriminalizatzea", hain zuzen ere. "Ez dute soilik pobrea etxetik kanporatzen; prozesu hori justifikatzeko eta babesteko testuingurua sortzeko lan kulturala ere egiten dute", gaineratu du.

Talde faxista horiei aurre egitera deitu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, azpimarratuz, "desokupen aurrean, ez instituzioek, ez epaitegiek eta are gutxiago poliziek ez gaituztela babestuko". Biharko, otsailaren 25erako, bilera informatibo bat antolatu dute: arratsaldeko 17:30ean izango da, Astrabuduako Josu Murueta Plazan.

EZ DAGO IRUZKINIK