Astrabuduako (Erandio, Bizkaia) familia batek hiru aste daramatza desokupazio-enpresa baten jazarpena jasaten. Presioaren eta mehatxuen bidez, familia bere etxetik bota nahian ari dira desokupak: xantaia modura, epemuga bat eman zieten euren etxea utz zezaten, baina ez dute lortu. Hori dela eta, atzo hurbildu ziren talde faxistako hiru matoi.
Une horretan ez zegoen inor etxe barruan, beraz, mehatxuekin jarraitu ahal izateko, bideo bat grabatu eta bertan bizi den pertsonetako bati bidali zioten telefonoz faxistek. Bertan zeudela eta beste batean indarrez sartuko direla dio bideoan haietako batek.
Tu Mejor Préstamo mailegu-enpresak kontratatu du desokupazio-taldea. Etxean hamarkada luzez bizi izan den 70 urteko andreari iruzur egin ostean, enpresak etxea kendu zion iaz, eta, hori dela-eta, polizia-indarrek iazko azaroan etxegabetu zituzten emakumea eta bere biloba, kale gorrian utziz.
Zorionez, baina, Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak joan den otsailean jakinarazi zuen bere etxera itzuli ahal izan zuela kaleratutako familiak, eta hura defendatzeko konpromiso osoa erakutsi zuen. Hori jakinda, desokupazio-talde batengana jo du Tu Mejor Préstamok: oraingoan, legez kontrako metodoekin bota nahi du familia bere etxetik.
Otsailaren bukaeran, bilera informatibo bat egin zuen Astrabuduan Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, familiaren egoeraren berri emateko eta desokupazio-taldeen aurka antolatzera deitzeko. Jende ugari bertaratu zen.