AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Itaiak Iruñean egindako protesta bat.
2024/05/07 09:25

Joan den asteburuan ere emakume ugarik jasan dituzte sexu-erasoak Euskal Herrian. Ostiral gauean, Santurtzin (Bizkaia) eraso zioten emakume bati, parke batean. Gertatutakoa ikertzen ari dira, zenbait komunikabideren arabera.

Hurrengo egunean, larunbatean, 16 urteko mutil bat atxilotu zuten Iruñean (Nafarroa), 15 urteko neska bat bortxatzeagatik. Txantrea auzoko festetan izan zen erasoa, ostiraletik larunbaterako gauean. Larunbatean bertan salatu zuen gertatutakoa erasotua izan zen emakumeak.

Iruñerriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak jakinarazi du, gainera, beste hainbat emakumeri ere egin dizkietela sexu-erasoak Txantreako jaietan. Hori dela-eta, protestara deitu zuen joan den iganderako: auzoko Txozna Gorrietan izan zen elkarretaratze bat arratsaldean, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean.

Igande goizean, bestalde, Irunen (Gipuzkoa) eraso zion emakume bati gizonezko batek. Plaiaundi parkean paseatzen ari zela, bere kontra oldartu zen gizon bat: lepotik heldu eta ukituak egin zizkion. Erasotua izan zen pertsonak gogor egin zion aurre erasotzaileari, eta, azkenean, hark ihes egitea lortu zuen. Igandean atxilotu zuten gizona; 30 urte ditu.

Eta hori ez zen igandean salatutako sexu-eraso bakarra izan: Donostian (Gipuzkoa), Altza auzoan, emakume bati eraso zion gizon batek igande gauean. Aparkatuta zegoen ibilgailu baten barruan izan zen erasoa, eta lekuko batek eman zuen abisua. Gau horretan bertan atxilotu zuten 52 urteko erasotzailea.

EZ DAGO IRUZKINIK