AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Miguel Oses
2021/07/19 09:22

Gutxienez lau eraso matxista izan dira asteburuan Euskal Herrian. Ostiralean, hilaren 16an, Barakaldon (Bizkaia) eraso zion 27 urteko emakume bati haren 29 urteko bikotekideak: lepoan sastakatu zuen. Gurutzetako Ospitalean artatu behar izan zuten emakumea; dena den, antza, ez zituen zauri larriak jasan erasoan. Genero indarkeriari lotutako aurrekari penalak ditu erasotzaileak.

Duela egun gutxi eman dute beste bi erasoren berri Barakaldon. 19 urteko emakume batek aurreko larunbat goizaldean jakinarazi zuen bortxatu egin zuela haren aitaordeak, eta egun berdinean, emakume bati sexu-eraso bat egiten saiatu zen gizon bat, Lasesarre zelai inguruan.

Eraso gehiago Tuteran eta Gasteizen

Tuteran (Nafarroa) ere izan da eraso matxista bat joan den asteburuan. Ostiral goizaldean emakume bati eraso zion bere 36 urteko bikote-lagunak. 00:30ak aldera oldartu zitzaion erasotzailea emakumeari, eta lesioak eragin zizkion aurpegian nahiz buruan.

Bestalde, igande goizaldean 45 urteko gizon bat atxilotu zuten Gasteizen (Araba), eztabaida baten ostean bikotekideari eraso egin eta aurpegian zauritzeagatik. 01:00ak aldera izan zen erasoa Lakua-Arriaga auzoko etxebizitza batean, eta ospitalera eraman zuten emakumea.

Arabako hiriburuan, gainera, genero indarkeria egotzita ezarri zizkioten neurriak hautsi ditu 35 urteko gizonezko batek. Igande iluntzean atxilotu zuten Agirrelanda kalean.

Sexu-erasoa Gasteizen

Gasteizko Amarika plazan, gainera, sexu-eraso bat izan zen larunbatean. 31 urteko gizonezko batek ukituak egin zizkion emakume bati, goizaldeko 02:00ak aldera. Emakumea lagun batekin zihoanean hurbildu zen harengana erasotzailea, metxero bat eskatzea aitzakiatzat hartuta. Sorbaldatik eutsi zion eta indarrez ukitu zion ipurdia.

EZ DAGO IRUZKINIK