AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Asteasuko langileak. Argazkia: Tolosaldeko Ataria
2020/03/11 12:35

Greba mugagabean dira atzotik, hilak 10, Asteasuko (Gipuzkoa) Siemens Gamesako langileak. Bi greba egun egin zituzten joan den astean, martxoaren 3an eta 5ean, baina enpresaren aldetik mugimendurik ez zela ikusita, greba mugagabea hastea erabaki dute. Hala ari dira atzotik, besteak beste, soldaten eta lan baldintzen inguruko eskariak mahai gainean jarrita. Txandetan aritzen diren langileek egin zuten grebarako deia, eta aurreko astean, jarraipena erabatekoa izan zela ziurtatu du enpresa batzordeak.

Langileen arteko diskriminazioa bukatzeko, eta beraz, lan baldintza okerrenetan jarduten dutenen baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira, lanpostuak bermatzeko exijitzearekin batera. Izan ere, erreleboka aritzen direnen ordutegi eta soldata eskasak eta kontziliaziorako ezintasunak salatu dituzte langileek, Tolosaldeko Ataria-n azaldu dutenez. Gainera, enpresak hartutako azken neurriek egoeralarriagotu dutela ohartarazi dute. Urte hasieran hasi ziren hitzarmen berria negoziatzen, baina orain arte ez dute lortu enpresak eskariei erantzutea.

Astelehenean, Siemens Gamesaren Sarrigurengo (Eguesibar, Nafarroa) egoitzara eraman zuten aldarria langileek. Atzo goizean, berriz, elkarretaratzea egin zuten Echesan, eta eguerdian beste bat, Asteasuko lantegiaren aurrean. Gaur Zamudiora (Bizkaia) jo dute, han baitu egoitza soziala enpresak. Biharko eta etzirako ere prest dituzte mobilizazioak.