AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/28 12:52

Hernaniko (Gipuzkoa) azken gertakariak direla-eta, prentsaurreko bat egin zuten atzo bertako Txosna Batzordea osatzen duten eragileek, eraso arrazistei ezetz esateko. Izan ere, azaldu zuten asteak daramatzatela herrian "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak bizitzen", eta San Juan jaiek "errealitate hori kondentsatu eta bere gordintasunean azaldu" dutela. Festetan, hain zuzen ere, zortzi eraso arrazistaren berri izan du batzordeak.

"Larunbatean, festen lehen egunean, izan zen lehen erasoa gazte magrebtar baten aurka. Horren ostean, astelehenean, denek jakingo duzuen bezela, hiru eraso arrazista izan ziren gaueko momentu ezberdinetan, [...] eraso oso larri eta antolatuak hirurak. Eraso horiez gain, jakin dugu, gau berean, [...] beste hiru eraso izan zirela beste bost gazte magrebtarren aurka", salatu zuten atzokoan Txosna Batzordeko kolektiboek. Gainera, astearte gauean zortzigarren eraso arrazista bat gertatu zela ere jakin dute gerora.

"Gure elkartasuna adierazi nahi diegu erasotutako gazte magrebtarrei, baita jopuntuan dagoen magrebtar komunitateari ere", adierazi zuten: "Ziur gaude, eraso horiez gain, beste hainbat ere izango zirela".

Aurrean izango gaituzue

Txosna Batzordeak jarrera irmoa erakutsi zuen atzoko agerraldian, esanez ez duela eraso arrazistarik onartuko. Hala, mezu argi bat eman zien eraso horiek antolatzen ari diren taldeei: "Aurrean izango gaituzue. Faxismoari eta arrazakeriari bidea itxiko diegu".

Batzordea osatzen duten eragileek "ardura hartu" zuten "eraso arrazistei eta jarrera faxistei erantzuna emateko", eta dei egin zieten hernaniarrei "bakoitzak dugun ardura indibiduala eta kolektiboa hartzeko eta ultraeskuinak hauspotzen dituen balio arrazistei aurre egin eta horiek borrokatzeko, gure bizitzako esparru guztietan".

Euskal Herria ez da oasi bat

Txosna Batzordeko kolektiboek nabarmendu zuten, "istiluak aitzakiatzat hartuta, ezin direla jatorri magrebtarreko gazteak seinalatu, kriminalizatu eta jipoitu". Dena den, argitu zuten "handia" dela "sare sozialen, komunikabideen eta Poliziaren erantzukizuna" jarrera arrazista horiek guztiak "indartzeko eta zabaltzeko garaian", ulertuta "gezurren, beldurren eta segurtasun ezaren hedapena ahalbidetzen" dutela. "Zerk sentiarazten digu segurtasun eza? Eta zerk beldurra? Beldurra eta segurtasun ezaren pertzepzioa eraiki egiten da. Gure ustez, ez da errealitate osoaren isla", seinalatu zuten.

Gainera, "oso larritzat" jo zuten "bortxaketak bezalako gertaerak asmatzea arrazismoa hauspotzeko", eta Ertzaintzak astelehenean izandako "betiko jarrera" salatu zuten: "Indarkeriaz saiatu ziren kalea hartzen eta txosnagunera hurbiltzen. Txosnagunea espazio politiko eta autogestionatua da eta ez dugu Poliziaren presentziarik onartuko".

Txosna Batzordeak azpimarratu zuen, bestalde, "Hernanin gertatzen dena" ezin dela "modu isolatuan ulertu", eta Euskal Herria ez dela "oasi bat". "Mundu mailako testuinguruari erreparatzen badiogu, hartutako bidea nabarmena da", ohartarazi zuen: "Faxismoaren gorakada, eskuin muturraren indartzea, militarizazioaren hauspotzea, matxismoaren normalizazioa, maskulinitate-eredu atzerakoia sustatzea, probeziaren areagotzea, migrazio-politiken gogortzea eta atzerritartasun-lege kriminalak babestea, besteak beste".

EZ DAGO IRUZKINIK