AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EPA
2024/07/02 13:06

Hamarkada bat baino gehiago daramate Amerikako Estatu Batuek Julian Assange deportatu eta atxilotu nahian. Kazetari australiarrak WikiLeaks erakunde ezaguna sortu zuen 2006an, eta bertan argitaratu zituzten AEBetako Armadak Iraken eta Afganistanen egindako gerra-krimenei buruzko informazioa eta irudiak 2010ean. Hori dela-eta, "espioitza eta intrusio informatikoa" leporatu zizkioten estatubatuarrek Assangeri. 

2012an, Ecuadorrek Londresen daukan enbaxadan hartu zuen babes Assangek. 2019an, ordea, indarrez atera zuten handik Erresuma Batuko indarrek, eta segurtasun handiko kartzela batean espetxeratu zuten. Beraz, AEBetara estraditatua izateko arriskuan egon da hainbat urtez: hara eramanez gero, 175 urterainoko espetxe-zigor bati egin beharko lioke aurre, eta etengabeak izan dira bere estraditazioaren kontrako helegiteak.

Ihes luze baten ostean, baina, aske utzi dute azkenean WikiLeaks-en sortzailea, eta ez dute AEBetara estraditatuko. Baina ez da debalde izan: Amerikako Estatu Batuetako Justizia Departamentuarekin akordio bat sinatzera behartu dute, bere burua erruduntzat jo dezan.

Aurrekari bat?

Akordio horrekin, kargu bat onartu behar izan du Assangek: "sailkatutako informazioa lortzeko eta argitaratzeko konspiratu" duela adierazi du. Trukean, leporatzen zizkioten beste hamazazpi kargu indargabetu dituzte, eta balioetsi dute nahikoa dela dagoeneko preso egin duen denbora. Libre geratu da, beraz, eta Australiara itzuli da jadanik.

Dena den, asko izan dira kazetariari sinarazi dioten akordioaren arriskuez ohartarazi duten ahotsak: "prentsa-askatasunerako" eta kazetarien jardunerako aurrekari arriskutsu bat izan daitekeelakoan daude. Reuters Institutu ezaguneko zuzendari Rasmus Nielsenek esan du, adibidez, "arriskutsua" dela "gobernuak ahalduntzea, egiaren epaile izan daitezen".

Assange auzipetzeko, AEBetako espioitza-legea delakoa erabili zuten bere garaian. 1917koa da lege hori, eta inoiz ez du helburutzat izan, berez, kazetarien jarduna. Kazetariak Babesteko Batzordeko (CPG) kide Jodi Ginsbergek iritzi dio "aurrekari legal kaltegarri bat" jarri dutela Assangeren kontrako karguek eta prozedurak.

Pablo Gonzalez, preso 2022tik

Espioitza-lanetan aritzea da, hain zuzen ere, Pablo Gonzalez kazetariari leporatzen omen diotena, nahiz eta oraindik ez duten bere kontrako kargu zehatzik aurkeztu. 800 egun baino gehiago daramatza Polonian preso, eta ez dute zehaztu noiz epaituko duten ere. Ukrainako gerraren ondorioen berri ematen ari zen Poloniatik, atxilotua izan zenean.

EZ DAGO IRUZKINIK