Gaur, ostirala, gazte bat atxilotu du Polizia Nazionalak
Iruñean. GEDAR LANGILE KAZETAk jakin ahal izan duenez, 2016ko apirilean
Leioako campusean ikasleen aurkako zenbait errepresio kasuren aurka
egindako mobilizazioetan Ertzaintzak atzemandako sei ikasleetako bat da
gaur atxilotu duten gaztea. Deklaratu ostean, aske utzi dute.
Auzi berari lotuta,
Beñat Zelaia altsasuarra atxilotu zuen Guardia Zibilak joan zen
apirilean. Orduko hartan ere Zelaia deklaratzera deitu zuten. Modu
horretan, gaur atxilotutako gaztearen deklarazioarekin, kasuan
inputatutako seien deklarazioak bukatutzat emango dira, eta epaiketa
fase berri batean sartuko da.
Atxiloketak 2016ko apirilaren 26an izan zen manifestazioan jazo ziren, Ikasleon aurkako erasorik ez! lelopean egindako protestan. Ikasle mugimenduak bost exijentzia egin zizkion EHU-UPVri: 2016ko martxoan Bilboko San Mameseko unibertsitatean atxilotutako ikasleei espediente disziplinariorik ez irekitzea (Herri Unibertsitatea aurrera eramateko San Mamesen itxialdia egiten ari zirela atxilotu zituzten); 2016ko martxoan atxilotu zituzten Gasteizko ikasleen aurkako salaketak eta gainontzeko neurriak atzera botatzea; Leioako ikasle auziperatu baten auzian esku hartzea eta bere egoerari konponbidea bilatzea; EHU-UPVra Ertzaintza sartu ez zedin behin betiko neurriak hartzea; eta fakultateetan zeuden indar polizialak kanporatzea.
Mobilizazioan Leioako Errektoretzan sartzen ahalegindu ziren ikasleak, baina Ertzaintzak indarrez atera zituen. Sei ikasle atxilotu eta auziperatu zituzten. Orotara, 15 ikasle baino gehiago zauritu zituzten ertzainek.
Errepresioaren aurkako dinamika
Gertatutakoaren harira auziperatu zituzten sei ikasleek Leioako 6ak aske dinamika abiatu zuten. 2017ko azaroan irakurke bat argitaratu zuten, eta honakoa adierazi zuten bertan: "Argi daukagu estatus quo-a zalantzan jartzen duen edozein mugimenduk errepresioa jasango duela estatuaren partetik. Zentzu horretan, ikuspegi berdinean mantentzen gara, borrokarako prest".
Inputatzen zaizkien karguak ez dituztela onartzen ere azaldu zuten, hain zuzen, desordena publikoa, desobedientzia, agintearen kontrako atentatua, kalteak, lesioak eta irainak. "Parte hartu genuen manifestazioa ekimen politikoa zen heinean, bere izaera eta eduki politikoagatik zapaldu, atxilotu eta epaituko gaituzte", salatu zuten.