AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/19 10:33

Egunsentian hasitako makrooperazio batean, Askatasuna Zentro Sozial Okupatu (CSO) historikoa hustu du Poliziak, Italia osoan erreferentziazkoa den espazio bati erasoz; Turingo Regina Margherita kaleko 47. zenbakian dago. Turingo Ikerketa Orokorren eta Operazio Berezien Dibisioak koordinatu zuen operazio masiboa, polizien eta carabinieriren laguntzarekin: 300 agentek baino gehiagok parte hartu zuten, eta tentsio handiko uneak sortu zituzten, besteak beste ur-kanoiak erabili baitzituzten Askatasuna babesten ari ziren militanteak sakabanatzeko.

Italiako zentro autogestionatu ezagunenetako eta zaharrenetako bat da Askatasuna. 1996ko urriaren 15ean okupatu zuten mugimendu autonomoko hainbat militantek, Velorengo bidean jasandako desalojo baten ostean. Hala, Turingo antagonismoaren indargune bilakatu zen espazioa. Abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduari, Genovako G8aren aurkako erantzunari eta beste hainbat borroka soziali lotuta, Askatasuna ezaguna da bere mobilizazio-gaitasuna dela-eta; baita kontzertu, kultur-ekimen eta bestelako ekimen politikoengatik eta sarri erakundeekin izandako konfrontazioengatik ere. Duela urte batzuetatik hona, gertutik kontrolatu du DIGOS dibisioak, eta miaketa ugari jasan dituzte zentroan, 2019ko Sovrano Operazioa barne. Horren ondorioz, elkarte subertsibotzat jotzen saiatu ziren, baina atxilotuak absolbitu zituzten azkenean.

Aitzakiak

2024an, Turingo Udalak, Stefano Lo Russo (PD) alkatea buru duela, lankidetza-itun bat onartu zuen espazioa "ondasun komun" gisa aitortzeko. Dena den, "beheko solairura mugatutako legeztatze-prozesu" bati ekin zion, goiko pisuetara sartzea debekatuz. Horretarako justifikazio modura erabili zuen goiko solairuek, ustez, bizigarritasun-baldintzak ez betetzea.

Atzoko interbentzioa goizeko lehen orduan hasi zen, Palestinaren aldeko mobilizazioan izandako "ekintza bandaliko" batzuen ikerketa aitzakiatzat hartuta. Dozenaka lagun izan dira ikertuak kalteak eta zikinkeria eragitea, eraikinak inbaditzea, erresistentzia egitea edo lesioak eragitea leporatuta. Miaketetan (zortzi dekretatu zituzten, etxe pribatuetan barne) Poliziak sei ekintzaile aurkitu zituen Askatasunako hirugarren solairuan lotan. Horrek aipatutako lankidetza-akordioa berehala etetea ekarri zuen. "Prefekturak egiaztatu du aginduak urratu direla", adierazi zuen Lo Russok, eta bertan behera utzi zuen ituna.

Matteo Piantedosi Barne ministroak honakoa esan zuen X sare sozialean: "Turingo Askatasuna zentro soziala hustu dute. Estatutik, mezu argi bat: gure herrialdean ez da biolentziarako espaziorik egon behar". Eraikinearen kanpoaldean, militante andana bildu zen protesta eginez.

Arratsaldean, poliziak ur-kanoiak erabili zituen jendetza sakabanatzeko. Inguruko bideak blokeatu zituzten eta gertuko hiru eskola itxi zituzten, "ordena publikoan arriskua zegoelako". Arratsaldean, 1.000 pertsona inguruk parte hartu zuten 18:00etarako deitutako mobilizazio batean, "Askatasunak askatasuna esan nahi du" eta "Kanporatzen bagaituzue, garesti ordainduko duzue" bezalako oihuekin. Gainera, eraikinean berriz sartzeko saiakerak izan ziren gauean, baina kargekin, ur-kanoiekin eta gas negar-eragileekin erantzun zuten poliziek. CSOko kideek adierazi dutenez, "Palestinaren aldeko borrokak gelditzeko eta askatasun-guneak ixteko operazioa da" honakoa.

EZ DAGO IRUZKINIK